Alavesek marra txuri-urdinak berreskuratu ditu denboraldi berrirako

Erredakzioa 2022ko uzt. 7a, 10:15
2022/2023 denboraldirako ekipazioa aurkeztu du Alavesek. / Argazkia: ALAVES

Pumaren eskutik, berriz ere marra txuri-urdineko lehen ekipazioa izango du Alavesek 2022/2023 denboraldian. Praka eta galtzerdi beltzak mantenduko ditu.

Iritsi da udako kirol egutegian markatutako data garrantzitsu bat: denboraldi berrian Alavesek etxeko partidak jokatzeko erabiliko duen kamisetaren aurkezpena. Aurten hasita, datozen lau denboraldietan Arabako taldearen ekipazioaren hornitzaile ofiziala Puma izango da.

2022/2023 denboraldian, iaz atzean utzitako tradizioa berreskuratuko du Alavesek: marra txuri-urdinak. Are gehiago, 2013/2014 denboraldian adina marra izango ditu aurtengo kamisetak. Alavesen armarria bordatuta joango da, eta ikurrina jokalarien lepoaren atzealdean mantenduko da. Horrez gain, galtzek eta galtzerdiek beltzak izaten jarraituko dute.

Ekipazio berriak Puma kirol enpresaren DryCell teknologia baliatuko du, kirolarien gorputz tenperatura egokia mantentzen laguntzeko. Teknologia horrek ehun konbentzional batek baino denbora gehiagoz uxatzen ditu hezetasuna eta izerdia; horrek errendimendua handiagoa izaten laguntzen du, baldintza fisikoak bere horretan askoz denbora gehiagoz mantenduta.

Aurresalmenta

Kamiseten aurresalmenta martxan da dagoeneko, 75 eurotan (69,90 euro junior eredua), eta Alavesen denda fisikoetan zein online dendan. Uztailaren 13tik aurrera eskuragarri egongo dira.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide