Uztailaren 2an, euskal herritarrek eta katalanek bat egin zuten 300 menditara igo eta tontorrak argiztatzeko, Gure Eskuk, ANCk eta Omniumek antolatutako Pirinioetako Bidea ekimenaren barruan. Euskal Herria eta Kataluniako herrien erabakitzeko eskubidearen aldeko ekintza erraldoi honetan, Gironako Creus lurmuturretik Gipuzkoako Higer lurmuturreraino doan mendikate osoa lotu zuten; guztira, 430 kilometro inguruko distantzia.
Euskal herritarrek 154 tontor argiztatu zituzten guztira: 91 gailur gorri eta 63 berde; 97 Euskal Herrian eta 57 Erdialdeko Pirinioetan. Oraingoan, Araban ez da tontorrik argiztatu, baina Gure Esku Arabak parte hartzeko deia luzatu zien arabarrei, horretarako aukera ugari eskainiz.
Alde batetik, arabarrak Nafarroako Adi, Argintzu eta Saioa gailurretara igo ziren, kopeta-argiak buruan eramanda. Horretarako hainbat autobus irten ziren Laudiotik, Amurriotik, Zuiatik, Agurainetik eta Gasteiztik.
Ekitaldiak Amurrion eta Gasteizen
Argiztapen ekitaldia 21:45etik 22:45era bitartean egin zuten, baina, horrez gain, Gure Eskuk bi ekitaldi antolatu zituen Araban: Amurrion GUK eskultura argiztatu zuten 22:15ean; Gasteizen, berriz, Gasteiz Kantuz abesbatzak kalejira bat egin zuen Errementari kaleko Bodegon Gorbea tabernako plazatxotik abiatuta.
ARGAZKI GALERIA