Larunbat honetan, hilaren 2an, euskal herritarrak eta katalanak 300 menditara igotzera eta tontorrak argiztatzera deitu dituzte Gure Eskuk, ANCk eta Omniumek, Pirinioetako Bidea ekimenarekin. Euskal Herria eta Kataluniako herrien erabakitzeko eskubidearen aldeko ekintza erraldoi honetan, Gironako Creus lurmuturretik Gipuzkoako Higer lurmuturreraino doan mendikate osoa lotuko dute.
Euskal herritarrek 154 tontor argiztatuko dituzte guztira: 91 gailur gorri eta 63 berde; 97 Euskal Herrian eta 57 Erdialdeko Pirinioetan. Oraingoan, Araban ez da tontorrik argiztatuko, baina Gure Esku Arabak parte hartzeko deia luzatu die arabar guztiei, horretarako aukera ugari eskainiz.
Alde batetik, arabarrak Nafarroako Adi, Argintzu eta Saioa gailurretan egingo diren jardueretara deituta daude. Horretarako autobusak irtengo dira gure lurraldeko sei herritatik: Laudiotik, 14:15ean herriko institututik; Amurriotik, 14:30ean Telefonicaren eraikinaren paretik; Zuiatik, 15:00etan udaletxeko plazatik; Agurainetik, 17:25ean Fueros kaleko autobus geltokitik; eta hiriburutik, Gasteiztik, 17:00etan San Anton plazatik.
Txartelak 20 euroren truke eskura daitezke Laudion (Gure Eskuren lokalean, egunero 19:00etatik aurrera), Amurrion (Gure Eskuren lokalean 19:00etatik aurrera, eta ostegunetan Mendiko klubaren egoitzan) eta Gasteizen (Txapelarri Tabernan eta Gure Esku dendan, biak Aiztogile kalean), baita Gorbeialdeko Gure Esku taldearen bitartez.
Antolatzaileek azpimarratu dute hiru gailur horiek "edozeinek igotzeko modukoak" direla, eta segurtasuna bermatu ahal izango dela momentu oro. Bestalde, igoerak iluntzean egingo direnez , ezinbestekoa izango da kopeta-argia, ordezko pilak, janaria, edaria eta beroki arropa eramatea.
Argiztapen ekitaldia 21:45etik 22:45era bitartean egingo da, eta herri bakoitzera ekitaldia amaitu bezain laster itzuliko dira autobusak.
Ekitaldiak Amurrion eta Gasteizen
Gure eskuk bi ekitaldi antolatu ditu Araban gailurretara igo ezin direnentzat edo igo ez baina baina ekimenari babesa emateko prest daudenentzat: Amurrion GUK eskultura argiztatuko dute, 22:15ean; Gasteizen, berriz, kalejira bat egingo dute Errementari kaleko Bodegon Gorbea tabernako plazatxotik abiatuta, eguerdiko hamabietatik aurrera Gasteiz Kantuz taldearen eskutik.
Zuzeneko emisioa
Pirinioetako Bidea ekimenaren inguruko saio berezia emitituko dute hainbat hedabidek, Ana Iruretagoiena eta Maider Galardi kazetariek gidatuta eta ibilbidean zeharreko aireko irudi ikusgarriekin. 21:00etatik 22:30era bitartean jarraitu ahal izango da, www.gureesku.eus webgunean eta Noticias Taldea, EITB, Berria, Naiz, Hamaika Telebista eta Argiaren bitartez.