Euskara eskaintza urria Ignacio Aldekoa kultur etxean

Erredakzioa 2022ko eka. 29a, 14:13
Dozenaka jarduera antolatzen dituzte Ignacio Aldekoa kultur etxean. / Alea

Iaz 222 jarduera orokor antolatu zituzten, horietatik 203 gaztelaniaz eta 19 euskaraz; solasaldien artean, esaterako, ez zen euskarazkorik izan.

EH Bilduk egindako eskaerari erantzunez, Ignacio Aldekoa kultur etxean eskaintzen diren euskarazko jarduerei buruzko informazioa aurkeztu dute Batzar Nagusietan, eta agerian utzi du eskaintza urria. Gasteizko kultur etxe nagusienean jarduera orokorren %8,5 euskaraz izan ziren 2021ean, eta %9,7 2022ko lehen hiruhilekoan. Solasaldien artean, adibidez, ez zen euskarazkorik izan iaz.

Datuei erreparatuta, 2021. urtea eta 2022ko lehen hiruhilekoa kontuan hartuta, helduentzako jardueretan alde nabarmena dago euskaraz eta gaztelaniaz antolatutakoen artean. Iaz 222 jarduera orokor antolatu ziren, horietatik 203 gaztelaniaz eta 19 euskaraz. Aurtengo lehen hiruhilekoan 84 izan dira gaztelaniaz eta 11 euskaraz; beste 15 euskaraz eta gaztelaniaz izan dira.

Guraso eta hezitzaileen eskolako jardueren barruan, esaterako, ez da euskarazko saiorik izan. Hiru antolatu ziren iaz eta bi aurten, gaztelaniaz denak. Eta solasaldi orokorretan ere ez zen iaz euskarazko saiorik izan, eta 5 izan ziren gaztelaniaz; aurten 13 izan dira gaztelaniaz, eta bakar bat euskaraz.

Edadetuentzako antolatutako jarduera gehienak ere gaztelaniaz izan ziren iaz, 153, eta euskaraz 2 baino ez. Aurten, 70 gaztelaniaz eta 4 euskaraz. 

Euskara, haurrentzat

Soilik haurrei eskainitako jarduerak dira nagusi euskaraz. Iaz 6 saio izan ziren euskaraz eta 2 gaztelaniaz, eta beste hainbeste ele bietan. Aurten egin direnen artean, 2 izan dira euskaraz eta 1 gaztelaniaz.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide