Eusko Jaurlaritzak eta Solariak bi zentral fotovoltaiko eraikiko dituzte Araban

Erredakzioa 2022ko eka. 24a, 14:00
Arratzua-Ubarrundia, Barrundia, Burgu eta Gasteizko lurrak erabiliko dituzte. / PIXABAY

Indarberri sozietatea eratu dute Solariak eta Energiaren Euskal Erakundeak, Arratzua-Ubarrundia, Barrundia, Burgu eta Gasteizko lurretan 50 MW-eko bi zentral fotovoltaiko eraikitzeko. 200.000 panel izango dira, guztira 349 hektareako eremuan.

Europako hegoaldean eguzki-energia fotovoltaikoaren arloan enpresa nagusia den Solariak (%70) eta Eusko Jaurlaritzaren EEEk (%30) Indarberri sozietatea eratu berri dute. Energia eolikoa sustatzeko Iberdrolarekin batera sortutako Aixeindar sozietate publiko-pribatuaren antzera, Jaurlaritzak energia fotovoltaikoa edo beste energia berriztagarriak baliatzeko apustua sendotu nahi du horrela.

Sozietatea aurkezteko ekitaldian bertan iragarri dute 50 MWeko bi planta fotovoltaiko garatu, eraiki eta ustiatuko dituztela Arabako Lautadan: zehazki, Arratzua-Ubarrundia, Barrundia, Burgu eta Gasteizko lurrak hartuko dituzte 200.000 panel inguru izango dituzten azpiegitura horiek, guztira 349 hektareako eremua hartuz.

Sustatzaileek aldez aurreko administrazio baimena eta ingurumen inpaktuaren adierazpena eskatu dituzte dagoeneko, eta azpiegituren izenak Vitoria Solar 1 eta Vitoria Solar 2 izango dira. Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariaren arabera, lehenengo zentralak 130,47 hektareako azalera hartuko luke, eta 26,3 milioi euroko inbertsioa beharko luke; bigarrena, aldiz, 218,93 hektarea eta 22,3 milioi euroko inbertsioa izango lituzke.

Energia fotovoltaikoaren erronka

2020ko urtarrilean Ekian zentral fotovoltaikoa martxan jarri zuten Armiñonen, 24 MW-eko potentziarekin. 2023an zehar, Ekienea sozietateak Arasur ondoko eremu batean beste zentral bat eraikitzea aurreikusita du; Ekian baino hiru aldiz handiagoa izango litzateke. Eusko Jaurlaritzak 2.356 MW ekoiztea lortu nahi du 2030erako.

"Energiaren Euskal Erakundearekin elkarlanean aritzea harro egoteko modukoa da guretzat. Helburu komun bat dugu: Euskadin energia berdea eskaintzea, energia kutsatzaileak beste alternatiba berriztagarri batzuekin ordezkatzeko eta trantsizio energetikoa gidatzeko. Lankidetza honi esker lortuko dugu", adierazi du Solariako zuzendari nagusi Dario Lopezek.

Bere aldetik, Iñigo Ansola EEEko zuzendari nagusiak adierazi du proiektu honi esker "Euskadik urrats kuantitatibo bat" emango duela eguzki-energiaren aprobetxamenduan: "Izan ere, horietako planta bakoitzak Ekian plantan (Erriberabeitian) instalatutako potentzia bikoiztuko du. Energia garbia ekoizteko aukera ematen duten instalazio fotovoltaiko eta eoliko berrietan egindako inbertsioak babestea da gure ahaleginaren ardatza".

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide