Dantzak, irakasle birtualekin

Erredakzioa 2022ko eka. 26a, 10:00

'Zabaldantza.com' webaren bidez eskura daitezke bideoak. VITAL FUNDAZIOA

Vital Fundazioak eta Mulixka dantza taldeak bat egin dute ZabalDantza euskal dantzak ikasteko plataforma abian jartzeko. Hogeita bat bideo tutorial ditu, oso modu bisualean grabatu eta editatuak.

Zabaldantza.com atari digitala banaka edo taldeka euskal dantzak ikasteko atari digital berria da. Aukera ematen du ordenagailu, tablet edo smartphone baten bidez, dantza plazetan egin ohi diren dantzak ikasteko, errepasatzeko eta hobetzeko. Atariak hogeita bat bideo tutorial ditu, oso modu bisualean grabatuak eta editatuak. Aitzakiarik ez du, beraz, haragizko irakaslearen faltan, euskal dantzetan lehen urratsak egin nahi dituenak.

Dantza bakoitza zailtasunaren eta dantzari kopuruaren arabera sailkatu dute, bakarrik edo lagunduta, haur edo helduekin, nahi den dantza aurkitu eta ikas dadin. Hala azaldu dute Vital Fundazioko zuzendari Arantxa Ibañez de Opakuak eta Mulixka dantza taldeko tutorialen arduradun Josu Sanchezek.

Dantza eta tutorial gehiagoz hornitzen joango dira 'Zabaldantza' atari digitala

Dantzarientzat zuzendutako atari digital berrian, Alunelul, Zazpi jauzi edo Hegi bezalako dantzak bakarka dantzatzeko tutoriala dago, binaka egiteko Luzaideko eta Baztango esku dantzak, adibidez, eta kontradantza, taldean aritu nahi dutenentzat.
ZabalDantzaren sustatzaileek dantzaren dibertsioa transmititu nahi dute, eta dantzatzen ikastea nahi duten guztien eskura egon dadila. "Beti dantzatzen ikasi nahi izan zuenarentzat, aspaldi ikasi eta gogoratu besterik egin nahi ez duenarentzat, eskolak jaso arren etxean errepasatu nahi dutenentzat, plazan dantzatzeak lotsa ematen dienentzat. Urrun egon arren gure kultura ikasi nahi dutenentzat", azaldu dute.

Sarean mugarik gabe jarraitzeko asmoz sortu dute plataforma, eta dantza eta tutorial gehiagoz hornitzen joango dira, hazteko, ekimen bizia eta aktiboa baita. "Material didaktikoa erabilgarria eta praktikoa da edonorentzat, dagoen lekuan dagoela eta nahi duen unean", esan dute sustatzaileek. 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago