Bibat Arabako Arkeologia Museoan Tutankhamon, 100 urtez liluratuta. Egipto eta Ekialde Hurbilerako espedizioak erakusketa berria ikusgai izango da urriaren 30era bitartean.
XIX. mendearen amaieratik XX. mendearen erdialdera arte, Euskal Herriak, Gasteiz buru zuela, benetako espedizioak izan ziren hainbat bidaia antolatu zituen Egiptora eta Ekialde Hurbilera. Apartekoenak 1920ko hamarkadakoak izan ziren, Tutankhamonen hilobia aurkitu ostean egindakoak. Hilobi horrek kondaira, liburu eta zinematografia lanen iturri izaten jarraitzen du. "Urtero, Espainiatik eta Hispanoamerikatik 200 pertsona joaten ziren bi hilabetez Egiptora eta Ekialde Hurbilera itsasontziz, trenez, gurdiz, autoz eta zaldiz, baina utzi zuten ondarea ezezaguna zaigu", azaldu du Inmaculada Sanchez Foru Aldundiko Kulturako zuzendariak. Bidaia haiek Ekialdearekiko lilura piztu zuten eta egiptoar kultura eta 1922an aurkitutako Tutankhamonen altxorra ezagutzeko ardatz nagusietako bat izan ziren, iritsi zaizkigun argazki, liburu eta dokumentalek agertzen digutenez.
"Erakusketa honek ondare hori jaso nahi du, bidaia haien lekuko izan, eta Tutankhamonen aurkikuntzaren 100 urteak omendu. Izan ere, gizateriarentzat eta arkeologiaren alorrean gertaera historikoa izan zen: ia 5.400 pieza zeuden hilobi barruan eta hamarkada bat behar izan zuten guztiak katalogatzeko". Garai hartako liburuak, irudiak eta postalak daude ikusgai erakusketan, baita altxorrari buruzko lehenengo edizioak eta Tutankhamonenak ez diren Egiptoko beste altxor batzuetako jatorrizko piezak ere.
Aurkikuntza
Tutankhamonen hilobia Erregeen Haraneko nekropolian dago. Sarrera kamuflatuta geratu zen geroago ondoan egin zituzten hipogeoen hondakinen azpian. Tebastar nekropolian hainbat esplorazio egin ondoren, 1922ko azaroaren 4an, Howard Carterrek eta Lord Carnarvonek errege hilobiren sarrera (62 KV) aurkitu zuten, eta 1923ko otsailaren 17an ganbera ireki zuten. Hilobia ukitu gabe aurkitzeak eta bertako ostilamendu ederrak liluratuta utzi zuen mundua. Eta 1923ko apirilaren 5ean Lord Carnarvon bat-batean hiltzeak eta taldeko beste kide batzuen heriotzak maldizioari buruzko kondaira herrikoia elikatu zuten.
5.398 pieza aurkitu zituzten hilobiaren barruan: urrezko zerraldo bat, hileta maskara, tronuak, tiro arkuak, tronpetak, eskulturak, hainbat orga, janaria, ardoa, sandaliak, arropa, dagak, jostailuak… Carterrek hamarkada bat behar izan zuen objektuak katalogatzeko, eta pieza bakoitzaren zenbaki eta deskribapen ordena bat ezarri zuen. Horretarako, argindarra eraman zuten lehen aldiz Erregeen Haranera, eta burdinbide bat jarri zuten obrak Kairoko Museora eramateko. Dokumentazio grafiko gisa, marrazkiak eta argazkiak erabili zituzten, behin-behineko estudio batean errebelatzen zituztenak, eta lan arkeologikoak filmatu zituzten. Altxorraren argazkiekin serieko lehenengo postalak argitaratu zituzten, zuri-beltzean lehenengo eta koloretan geroago. 1924an eta 1928an, Howard Carter Madrilen izan zen aurkikuntzei buruzko hitzaldi batzuk ematen. Hitzaldi horiek argitaratu egin ziren.