Arabak karbonoz neutroa izan nahi du 2050erako

Erredakzioa 2022ko eka. 22a, 10:30
Klima Araba 2050 plan estrategikoaren aurkezpena, Artium Museoan. / AFA

Gasteizko Udalak eta Arabako Aldundiak epe luzera begirako deskarbonizazio estrategiak aurkeztu dituzte, 2030erako hiriburuan berotegi-efektuko gasen emisioak %61,5 murrizteko eta 2050erako lurraldea karbonoz neutroa izateko helburuarekin.

2050. urterako lurraldea karbonoz neutroa izateko konpromisoa adierazi dute Arabako erakundeek. Horretarako, azken egunetan mugarri bana jarri dute Gasteizko Udalak eta Aldundiak, Klima eta energia Jasangarrirako Ekintza Planaren eta Klima Araba 2050 estrategiaren aurkezpenekin, hurrenez hurren.

Alde batetik, Gasteizko Udalak hiriburuaren eraldaketa energetiko integralerako tresna nagusi gisa onartu du 2030era begirako ekintza plana. Urte horretarako, 2006arekin alderatuta, kontsumo energetikoa %29,6, berotegi-efektuko gasen isuriak %61,5 eta isuri garbiak %83,1 murrizteko helburua ezarri du.

Besteak beste, klima aldaketarekiko udalerri erresilientea izateko, klima aldaketaren ondorioen aldizkako ebaluazioa eta klima ekintza jasangarri eta inklusiboa egiteko, karbonoz neutroa izateko, berotze globala 1,5ºC-tik behera mugatzeko, herritar guztiontzako energia zerbitzu seguru, iraunkor eta eskuragarriak eskaintzeko, energia pobreziari eraginkortasunez aurre egiteko, eta ekonomia aurrerakoi, iraunkor eta inklusiboa bultzatzeko konpromisoak hartu ditu Gasteizek.

Gainera, egokitzeko helburu batzuk ezartzen ditu landa inguruneko lehorteei, hiri inguruneko ibai-uholdeei, bero-boladek herritarren osasunean duten eraginari eta muturreko haizeak hiri ingurunean, landa ingurunean eta herritarren osasunean duen eraginari dagokionez.

Hori guztia lortzeko, 13 eremu estrategiko ezartzen ditu planak, 23 ildo estrategiko eta guztira 100 ekintzarekin; horietatik 40 bat datoz trantsizio energetikoko eta emisioak murrizteko ekintzekin, eta beste 60ak klima aldaketara egokitzeko tokiko neurriekin. Ekintza horiek garatzeko aurreikusitako aurrekontua 922,5 milioi eurokoa da.

Araba, karbonoz neutroa 2050erako

Bere aldetik, Arabako Foru Aldundiak Klima Araba 2050 estrategia aurkeztu du astearte honetan, Artium Museoan egindako konferentzia batean; bertan izan dira Ramiro Gonzalez diputatu nagusia eta Josean Galera Ingurumen Saileko diputatua. Gobernu Kontseiluak onetsi duen eta Batzar Nagusiek ontzat eman beharko duten plan estrategiko horrek karbono gutxiko eredu sozioekonomiko eta energetikora egokitzea du helburu, 2050erako lurraldea karbonoz neutroa izateko

Izan ere, 2071-2100 aldirako, Araban batez besteko tenperatura ia 4 gradu igoko dela aurreikusi dute adituek.

Horren aurrean, bederatzi helburu ezarri ditu Aldundiak, eta, horiekin batera, 20 ildo estrategiko eta lotutako 100 ekintza baino gehiago:

  • Arabako eredu ekonomikoaren deskarbonizazioa.
  • Isurketa gutxiko garraioa eta mugikortasuna.
  • Lurralde antolamendu eta hiri egitura eraginkorra eta klima aldaketara egokitua.
  • Natura ingurunea eta biodibertsitatea: lurralde erresiliente eta funtzioaniztuna.
  • Hiri hondakinen prebentzioa eta kudeaketa klima irizpideekin.
  • Arabako Lurralde Historikoan BEG gutxiago isurtzea eta lehen sektorearen zein elikadura sistemaren erresilientzia handitzea.
  • Uraren ziklo integrala: Araba, lurrazaleko eta lurpeko uren erreserba.
  • Jakintza sortzea, arriskuei aurrea hartzea eta berrikuntza.
  • Administrazioa, zerbitzu publikoak eta biztanle prestatuak.

Lan ildo guztietan txertatu beharreko lau printzipio ezartzen ditu planak: osasun publikoaren babesa eta sustapena, ingurumenaren babesa eta ingurumen jasangarritasuna, arreta eta erresilientzia, eta gizarte kohesioa.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide