Vueltaren laugarren etapak Araba zeharkatuko du abuztuaren 23an

Erredakzioa 2022ko eka. 20a, 18:41
Vueltaren laugarren etapa aurkeztu dute Arabako erakundeen ordezkariek. / Argazkia: AFA

Abuztuaren 23an, Gasteiztik abiatu eta Guardaraino iritsiko da Espainiako Itzuliaren laugarren etapa. Bidean Opakua eta Herrera mendateak gainditu beharko dituzte txirrindulariek, 153,5 kilometroko ibilbidean.

Aurtengoa hogeigarren aldia izango da Espainiako Vuelta txirrindularitza lasterketa Arabako hiriburutik abiatzen dela; azkena duela bi urte, 2020an. Abuztuaren 23an izango da, Gasteiz eta Guardia artean 153,5 kilometro egingo dituen laugarren etapan.

Erdi mailako etapa izango da, bi mendaterekin: Opakua, 2. kategoriakoa, eta, helmugatik 15 kilometrora, Herrera, 3. kategoriakoa. Bidean, Etxaguen, Legutio, Landa, Ozeta, Narbaxa, Done Bikendi Harana, Arraia-Maeztu, Kanpezu eta Bernedo herriak zeharkatuko dituzte. Gainera, aurten hurbiltzen diren zaleentzako Fan Zone bat jarriko dute Bastidako kiroldegiko aparkalekuan, udal igerilekuen ondoan.

Arabatik igarotzeaz gain, Vueltak ordezkaritza arabarra izango du ere, Mikel Landa txirrindulari zuiarraren eskutik. Lasterketa abuztuaren 19an hasiko da, eta Utrecht, Bolduque eta Breda (Herbehereak) zeharkatu ondoren iritsiko da gure lurraldera. Irailaren 11n amaituko da Madrilen, 3.280 kilometro eta 38 mendate gainditu ostean.

 

"Apustu argia eta irmoa"

Etaparen aurkezpenean izan dira gaur Gasteizko alkate Gorka Urtaran, Arabako diputatu nagusi Ramiro Gonzalez, Guardiako alkate Raul Garcia eta Vueltako zuzendari Javier Guillen.

Urtaranek albistea ospatu du, "bizikletaren erabilera" bultzatu eta hiriaren "sustapen ekonomikoa" ekarriko duelako. Vueltaren antolakuntzak hiru gau igaroko ditu Gasteizen, eta horrek 750.000 eta 975.000 euro arteko itzulkin ekonomikoa suposatuko du, alkatearen arabera. Bere aldetik, diputatu nagusiak nabarmendu du Aldundiak Vuelta ekartzearen aldeko "apustu argia eta irmoa" egin duela legegintzaldi honetan, baita etorkizunera begira ere.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide