⛅ EGURALDIA

Eguzkia, gogotik

Erredakzioa 2022ko ekainaren 16a

Alerta laranja eman du Euskametek, tenperatura are altuagoak espero direlako. Hegoaldean izango ditugu muturrekoenak: Arabako Errioxan 39 gradutarainokoak izango dira bihar.

Tenperatura altuak direla-eta, atzo Euskalmetek emandako abisu horia alerta laranjara pasa da. Gaur Ebro Ibaiaren ibarrerako ezarri du ohartarazpena, hots, gehienbat Arabako Errioxarako eta Añana hegoalderako; gainerako lurraldean, abisu horia mantentzen da. Dena dela, bihartik aurrera alerta laranja hori Araba osora zabalduko da.  

Gaur giro eguzkitsua mantenduko da, eta arratsaldean bereziki bero hodeiak sor daitezke. Horiek askatzekotan, noski, ekaitz arriskua izango dugu. Goizean hego haizea izango dugu, eta hauts gandua ere ekar lezake. Arratsaldean, iparretik joko du, baina ez du larregi freskatuko. 17 eta 33 gradu arteko tenperaturak espero dira. 

Bihar antzeko egoera izango dugu: Eki peto-petoa zeruan, eta bero hodeiak arratsaldean, ekaitzak jo lezakeelarik. Hego haizea izango dugu egun osoan, eta tenperatura are beroagoak: 20 eta 36 gradu artekoak, Gasteiz erreferentzia hartuta. Hegoaldean, aurrean esan bezala, 39 gradu artekoak izan daitezke.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago