Chill Mafia eta Celtas Cortos, Amurrioko jaietako kontzertuen artean

Erredakzioa 2022ko eka. 15a, 12:30
Abuztuaren 14an eskainiko du kontzertua Chill Mafiak. / C. Mafia

Abuztuaren 13an eta 14an Mendiko Eskolan egingo diren kontzertuek txosna solidarioa izango dute

Gaueko musika programazio zabala aurkeztu du Amurriok abuztuaren 12tik 17ra ospatuko diren jaietarako. Kontzertuen artean Mendiko Eskolan izango diren Celtas Cortos eta Chill Mafiarena dira aipagarri; bertan, Amurrio Trail Taldeak txosna solidarioa muntatuko du. Nabarmenak dira, baita ere, Neomak edo Puro Relajo taldeek Juan Urrutia Plazan eskainiko dituzten kontzertuak.

Bi urteko lehortearen ondoren, indarberrituta datoz herriko jaiak. Gainera, aurten, elkartasun ekimena antolatu dute; Udala Amurrio Trail Taldearekin harremanetan jarri ondoren, txosna solidarioa paratuko dute Mendiko Eskolan abuztuaren 13an eta 14an egingo diren kontzertuetan. Txosna solidariotik lortutako diru-bilketa X Hauskorraren Sindromearen Euskadiko Elkartearentzat izango da. Elkarte hori familia talde batek sortu du, kaltetutako pertsonei bizi-kalitatea hobetzen laguntzeko.

Remix Orkestra arduratuko da jaien lehen gaua girotzeaz, Juan Urrutia plazan eskainiko duen emanaldiarekin. Hurrengo egunean, San Anton plazan, Trio Jamaikaren Camp Berbena izango da. Egun horretan bertan, jaietako kontzertu handietako bat ere izango da Mendiko Eskolan, Celtas Cortos taldearen kontzertua, hain zuzen ere, eta duela bi hamarkadatik Bilboko San Frantzisko auzoan bizi den eta bertako bizilagunen errealitatea kontatzearen inguruko proiektuak taularatuko dituen Betto Snay Angolako raperoa izango dute telonero.

Jaietako beste ikuskizun garrantzitsu bat La Furia izango da. Emakume rapero horren erreferenteak Bronx eta Harlemeko hip hopetik abiatzen dira, bai eta Queen Latifah, Salt-N-Pepa-ren 80ko hamarkadako rap feministatik ere, Keny Arkana bezalako underground-a ahaztu barik. Ondoren, musika hiritarrak eta eszenatokian duen punk jarrerak ezaguna bilakatu duten Chill Mafiaren emanaldia etorriko da.

Neomak taldea osatzen duten Kepa Junkeraren "sorginak" izango dira protagonista abuztuaren 15ean Juan Urrutia plazan. Aurretik, San Anton plazan, Galea Orkestraren Camp Berbenaren txanda izango da.

San Roke egunean musika emanaldi bikoitza izango da Juan Urrutia plazan. Lehenik eta behin, Puro Relajo arituko da, euskarazko kantekin eta klasikoekin emanaldi bakoitza festa bilakatzen duen abesti mexikarren Nafarroako taldea. Ondoren, Trikizio taldearen dantzaldia etorriko da. Abuztuaren 17an Patxi Perezek emango die jaiei amaiera Juan Urrutia plazan.

Musika elektronikoa

Musika elektronikoa izango da jaiari amaiera emango diona. Hainbat dj arituko dira Juan Urrutia plazan, lehena DJ Markelin izango da, abuztuaren 12an, eta hurrengo egunean DJ Gomi arituko dela aurreikusten da; ondoren, koadrilen egunean Disko Sound 4 eta, azkenik, San Roke egunean DJ Rubaren txanda izango da.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide