Peru Abarrategik jantzi du txapela Arabako Bertsolari Txapelketaren finalean

Erredakzioa 2022ko eka. 11a, 21:45

Peru Abarrategi txapelduna, finalaren ostean. / ALEA

608 punturekin, Peru Abarrategi aramaioarrak irabazi du Arabako Bertsolari Txapelketa, finaleko buruz burukoan Manex Agirrerekin aritu ostean. "Merezi duen moduan zaindu ezazue Araba", aldarrikatu du azken agurrean.

Larunbat honetan Europa Jauregian jokatu da Arabako Bertsolari Txapelketaren XV. edizioaren finala, Manex Agirre, Paula Amilburu, Peru Abarrategi, Oihane Perea, Xabi Igoa eta Iñaki Viñaspreren artean, 17:30etik aurrera eta 600 bat ikus-entzuleren aurrean.

2019an Viñasprek lortutako txapela Peru Abarrategiren burura pasa da, 1982an lehen bertso eskolen sortzaileetako bat izandako Serapio Lopez Ortuetaren eskutik. Izan ere, gazte aramaioarra Manex Agirrerekin lehiatu da buruz burukoan, eta 608 puntu lortu ditu; Agirrek, berriz, 602 puntu lortu ditu. Txapeldunak honela agurtu du publikoa:

Eskakizun txikitxo bat
aterako dut plazara
nahiz Aramaio ta Oion
ez den berdin beharbada
probintzi txiki honek du
bere-berea euskara
batzuek ahaztu arren
gu ere euskaldun gara
beraz konplexu guztiak
doazela pikutara
ama berdinak erditu
baditu zazpi alaba
merezi duen moduan
zaindu ezazue Araba

Aintzane Irazusta izan da gai-jartzailea, eta bertsolariek hamahiru bertso puntuagarri abestu dituzte; buruz burukora iritsi diren biek, berriz, hemeretzi. Epaile lanetan aritu dira Aitor Jimenez, Egoitz Iradier, Ekaitz Elorriaga, Fernando Sopelana, Mikel Fernandez de Arroiabe eta Patxi Aizpurua.

2019tik jokatutako lehenengo finala izan da. 30 bertsolarirekin abiatu zen txapelketa, eta finalean aritu diren sei lagunen artean honakoa izan da sailkapena:

  1. Peru Abarrategi: 608 puntu
  2. Manex Agirre: 602 puntu
  3. Oihane Perea: 413,5 puntu
  4. Iñaki Viñaspre: 410,5 puntu
  5. Xabi Igoa: 402 puntu
  6. Paula Amilburu: 384 puntu

Araban euskara eta kultura bultzatzen duten eta Arabako Bertsozale Elkartearekin elkarlanean aritzen diren sei eragilek banatu dituzte sariak: Arabako ALEA, Legutioko Gazte Asanblada, Ttiki Ttaka Arabako Errioxako Euskaldunon Elkartea, Aiaraldea Ekintzen Faktoria, Zalduondoko Kultur Elkartea eta Mendialdeko AEK.

Bertsolari aramaioarren festa izateaz gain —seietako lau bertakoak baitira—, Arabako bertsolari gazte eta beteranoen arteko ikuskizun paregabea izan da finala, emozioz beterikoa: Amilbururentzat lehen finala izan da; Igoarentzat laugarrena; eta Abarrategirentzat bigarrena jarraian. Viñasprek azken edizioko txapela jantzi zuen, eta finalera iritsi da urtero 2005etik; Pereak, berriz, lau txapel eraman ditu jada, eta azken agurrean bere azken txapelketa dela jakinarazi du; azkenik, Agirrek bi txapelketa irabazi ditu.

Porra

Arabako ALEAk antolatutako porraren irabazlea Miriam Elizondo Lopez de Landatxe izan da. Izan ere, 55 parte-hartzaileetako inork ez du sailkapena bete-betean asmatu, baina Miriam izan da gehien hurbildu dena, lehenengo hirurak asmatuz (Peru Abarrategi, Manex Agirre eta Oihane Perea). Hortaz, Errigorako saski beltz bat irabazi du.

Argazki galeria

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago