Larunbatean izango da Gasteizko Mendiak mendi lasterketa

Erredakzioa 2022ko eka. 9a, 13:30
Lehen ehun lasterkariek 'Hiru Handiak' probarako dortsala lortuko dute. / VITAL FUNDAZIOA

Ekainaren 11n, Uribarri jauregitik abiatuta eta Gasteizko Cervantes ibilbideraino, 63 kilometro eta 5.816 metroko desnibelari aurre egin beharko diote Gasteizko Mendiak proban parte hartuko duten mila lasterkariek.

Manuel Iradier Txangolari Elkarteak, Vital Fundazioaren laguntzarekin, Gasteizko Mendiak probaren XIII. edizioa antolatu du larunbat honetarako, ekainaren 11rako. Goizeko seietan hasiko da fondo handiko mendi lasterketa ezaguna, eta 63 kilometroko zirkuitua izango du Uribarri Jauregi herritik Gasteizeraino; hiriburuan, Cervantes etorbidean amaituko da proba.

Itxogana, Indiagana, Arraialde, Almurrain, Kapildui, Zalbizkar, Lendiz, Arrieta, Zaldiaran, Busto eta Ezkibel izango dira lasterkariek gainditu beharko dituzten gailurrak; horietako batzuetan pasabide kontrolak ezarriko dira. Guztira, 5.816 metroko desnibel metatua izango du ibilbideak (2.848 metroko igoera eta 2.968 metroko jaitsiera), eta lasterketa osatzeko azken ordua 20:00ak izango dira.

1.098 pertsonak eman dute izena aurten (916 gizonek eta 182 emakumek), eta guztien artean 1.000 plaza esleitu dira zozketa bidez. Ibilbidea osatzen duten lehen 100 lagunek automatikoki lortuko dute dortsal bat 2023ko Hiru Haundiak lasterketarako, eta antolatzaileek beste 100 zozkatuko dituzte gainerako parte-hartzaileen artean.

Larunbateko 05:00etan, lasterketa hasi baino ordubete lehenago, hainbat autobusek eramango dituzte abiapunturaino, Gasteizko Mendizabaleko aparkalekutik. Gainera, 150 boluntariok baino gehiagok lagunduko dute lasterketaren logistika lanetan.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide