Araban 100 kilometro egingo ditu Sareren bizikleta martxak, uztailaren 22an

Erredakzioa 2022ko eka. 8a, 21:46
Sare Herritarraren agerraldia, Gasteizen. / Argazkia: SARE

Sare Herritarrak salatu du euskal presoen %36 Espainiako espetxeetan dagoela oraindik. Udako mobilizazioen artean, Etxera bidea gertu! bizikleta itzulia Arabatik igaroko da uztailaren 22an, eta Gasteizko jaietan manifestazioa egingo dute abuztuaren 3an.

Aste honetan, Gasteizen egindako agerraldi batean, Sare Herritarrak euskal presoen etxeratzearen aldeko udako mobilizazio nagusien berri eman du, egoeraren irakurketa egitearekin batera.

Alde batetik, Etxera bidea gertu! lelopean eta bi urteko etenaldiaren ostean, Sareren bosgarren bizikleta itzuliak Euskal Herria zeharkatuko du uztailaren 21etik 23ra bitartean; hilaren 22ko etapa Etxarrin (Nafarroa) hasiko da eta Durangoraino (Bizkaia) iritsiko da, Arabatik igarota (100 kilometro inguru). Dagoeneko izena eman daiteke webgunearen bitartez.

Horrez gain, Hego Euskal Herriko hiriburuetako jaietan mobilizazioak deituko dituzte: Gasteizko jaietan, abuztuaren 3an manifestazio bat abiatuko da, 18:00etan Bilbo plazatik. Azkenik, Etxera bidea gertu! lelopean, manifestazion nazionala antolatuko dute Donostian.

Salbuespeneko espetxe politikaren kontra

Aurtengo ekainaren 18an lau urte beteko dira Pedro Sanchez Espainiako presidenteak salbuespeneko espetxe politika kentzeko eta espetxe politika arrunta ezartzeko prozesu bati ekingo ziola. "Adierazpenak itxaropena sortu zuen euskal presoen eta haien senideen artean, baita euskal gizarteko pertsona askorengan ere. Aurrerapausoak eman dira preso horien urruntzeari dagokionez, baina oraindik asko falta da konpromiso hori betetzeko".

Izan ere, datuei erreparatuz, "moteltasun ulertezin bat" salatu du Sarek: 195 euskal presoetatik, 19 Frantziako espetxeetan daude; 70, Espainiako espetxeetan, eta 106, Euskal Herriko espetxeetan; hau da, lau urte geroago, euskal presoen %36 Espainiako espetxeetan dago oraindik. Gainera, bi hilabete pasa dira hurbilketa bakar bat egin gabe.

Horrez gain, gradu progresioen "blokeoaz" ohartarazi dute, preso gehienak lehen gradutik bigarrenera igaro badira ere. Adibidez, soilik 21 preso pasa dira bigarren gradutik hirugarrenera, nahiz eta 60 presok horretarako baldintzak betetzen dituzten, betetako zigorraren zatia kontuan hartuta.

"Espainiako Gobernuari eskatzen diogu konpromisoa betetzeko, gehiago atzeratu gabe. Eskubideez ari gara; ez dira pribilegioak. Espetxe araudia salbuespenik egin gabe betetzeaz ari gara; hori da eskatzen duguna", adierazi du Sarek.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide