Buruketa zailenetan maisu

Anakoz Amenabar 2022ko eka. 9a, 08:00

Ying Ye, Kiara Larroza eta Sidi Belahi ikasleak, Ane Arroyo irakaslearekin. /Alea

Arabako Olinpiada Matematikoak Ramon Bajo ikastetxeko 6. mailako ikasleek irabazi dituzte, taldekako modalitatean, beste 26 ikastetxerekin lehian; Kiara Larroza, Ying Ye eta Sidi Belahi izan dira trebeenak.

Ikasle askoren amesgaiztoa dira matematikak, baina Ramon Bajo ikastetxean beldurra "uxatu" dute. Are gehiago, LHko 6. mailako ikasleentzat gozagarri dira, eta buruari eragiten maisuak direla erakutsi dute gainera. Olinpiada Matematikoetan parte hartu dute Kiara Larrozak, Ying Yek eta Sidi Belahik, eta saria patrikan bueltatu dira eskolara, harro. "Amari esan nion eskola pila bat izango zirela lehian eta irabazteko aukera gutxi izango genuela, eta, begira! ", gogoratu du Larrozak.

Ikastetxean irabazleen kartelak jarri eta sekulako festa egin dute ikaskideekin saria ospatzeko. Izan ere, 26 ikastetxeren kontra erakutsi behar izan dute gazteek matematikako problemak ebazten trebeenak direla. Los Herran ikastetxean egin dute hitzordua EMIE Euskadiko Matematika Irakasleen Elkarteak antolatutako saioan; banaka egiteko ariketak eta taldean argitu beharrekoak izan dituzte mahai gainean. "Gu taldekoan aritu gara ongi, batez ere; disfrutatu dugu", esan du Yek. Detektibe bat protagonista dituen ariketak izan dituzte buruhauste, eta haren antzera aritu dira aztarnak jaso eta emaitzaren bila.

Matematikazaleak direla aitortu dute hiru ikasleek, eta lehiaketak, gainera, bultzada eman diela gehiago ikasteko. "Batzuetan oso zailak izaten dira, baina hori da gustatzen zaidana, erronka bati aurre egitea", azaldu du Belahik. "Logika jolasekin ere askotan aritzen naiz etxean".

Pizgarri bila

Matematikekiko interes horren "errudun" nagusietako bat da Ane Arroyo irakaslea. Lau urte daramatza ikasgaia ematen, eta ikasleak motibatuko dituen formulak bilatzen ere abila da. "Jolasek eta erronkek aukera ugari ematen dituzte matematiketara gerturatzeko, eta hori eskertu egiten dute ikasleek". Pizgarrietako bat izan da Olinpiada Matematikoa; duela bi urte bete zuen parte hartzeko eskaera, baina bertan behera utzi zuten itxialdiagatik, eta berriz heldu diote aurten. Sei ikaslek zuten lehiaketan parte hartzeko gogoa, eta zozketa bidez aukeratu behar izan dituzte hiru. "Larunbatez izan zen lehiaketa, eta beharbada beste plan batzuk egiteko aukera zuten, baina honetan parte hartzea erabaki zuten; eta kontuan hartuta aurrez klasean prestatzeko denbora gutxi izan dugula".

Izan ere, geometria gaiak dituzte orain eskolan, kurtso amaierako azterketa prest, eta lehiaketarako tarte gutxi. "Hamar bat atera behar dut, derrigor. Aitak oporretan Bartzelonara joango garela esan dit eta ez dut aukera galdu nahi", gogoratu du Belahik.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago