Dena prest Arabako Bertsolari Txapelketaren finalerako

Erredakzioa 2022ko ekainaren 7a

Agirre, Amilburu, Abarrategi, Perea, Igoa eta Viñaspre, aurtengo finalistak. / ALEA

Lau egun baino ez dira falta: larunbat honetan, ekainaren 11n, Europa Jauregian jokatuko da Arabako Bertsolari Txapelketaren finala, Manex Agirre, Paula Amilburu, Peru Abarrategi, Oihane Perea, Xabi Igoa eta Iñaki Viñaspreren artean.

Finalerdiak burututa, iritsi da Arabako Bertsolari Txapelketaren XV. edizioaren azken txanpa. Ekainaren 11n, larunbatean, 17:30etik aurrera jokatuko da, Europa Biltzar Jauregiko Maria de Maeztu auditorioan, 600 lagunen aurrean: Oihane Perea, Manex Agirre, Iñaki Viñaspre, Peru Abarrategi, Paula Amilburu eta Xabi Igoa izango dira oholtzara.

2019tik jokatuko den lehenengo finala izango da. 30 bertsolarirekin abiatu zen txapelketa, eta finalera iritsi diren sei lagunen artean irabazten duenari txapela jantziko dio Serapio Lopez Ortuetak, 1982an lehen bertso eskolen sortzaileetako bat izandakoak.

Arabako bertsolari gazte eta beteranoen arteko ikuskizun paregabea izango da larunbatekoa, emozioz beterikoa, eta sorpresetarako tarte zabalarekin: Amilbururentzat, gainera, lehen finala izango da; Igoarentzat laugarrena; eta Abarrategirentzat bigarrena jarraian. Viñasprek azken edizioko txapela jantzi zuen, eta finalera iritsi da urtero 2005etik; Pereak, berriz, lau txapel eraman ditu jada; eta Agirrek bi txapelketa irabazi ditu.

Sarrerak dagoeneko salgai daude bertsosarrerak.eus webgunean, 18 eurotan; bazkidentzat, berriz, 15 eurokoa izango da prezioa, eta 16 urtetik beherakoentzat 10 eurokoa.

Perea eta Agirre, finalerdietan garaile

Lehenengo finalerdietan, Araiako Andra Mari aretoan, Oihane Pereak finalerako pase zuzena lortu zuen, 354 punturekin Unai Anda (341 puntu), Maddi Agirre (331 puntu), Asier Otamendi (329 puntu), Andere Arriolabengoa (323,5 puntu) eta Felipe Zelaieta (318,5 puntu) garaituta.

Bigarren saioan, berriz, Izarrako Kultur Etxean, Manex Agirrek irabazi eta finalerako pase zuzena lortu zuen, 368,5 punturekin Peru Abarrategi (364 puntu), Xabi Igoa (359 puntu), Iñaki Viñaspre (358,5 puntu), Paula Amilburu (354,5 puntu) eta Rikardo Gonzalez de Durana (329 puntu) garaituta. Puntuazioaren hurrenkera dela eta, finalera igaro ziren Abarrategi, Igoa, Viñaspre eta Amilburu ere.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago