Valinor kultura elkarteak antolatuta, bueltan da aisialdi alternatiboaren aldeko Freak jaialdia bi urteko etenaren ostean. Ekainaren 25ean eta 26an ospatuko da Europa biltzar jauregian. Gauekoak programa, Vital Fundazioa eta Gasteizko Udalaren babesa ere badu.
Freak jaialdiak kultura alternatiboaren esparru zabala sustatu nahi du, hala nola mahai-jokoak, komikiak, zinema, literatura, rol-jokoak, cosplay, interes berberak dituzten beste kolektibo, elkarte eta talde batzuekiko lankidetza oinarri. Bertaratzen direnek eskulan-tailerretan parte hartzeko aukera izango dute, txapelketetan eta trebetasun-lehiaketetan ere bai, sektoreko tokiko dendak eta artistak ezagutu, ikuskizunez gozatu eta lagunekin "friki" munduko esperientzia partekatu.
"Freak jaialdia baliagarria izan daiteke kolektiboen arteko oztopoak suntsitzeko; horregatik, indar berezia jarriko dugu edozein pertsona eroso egon dadin eta gure jarduera guztietan ongi etorria izan dadin", adierazi dute antolatzaileek. Halaber, tokikoa sustatzeko konpromisoa duen Gasteizko elkartea dela nabarmendu dute, "lehentasuna dugu gure espazio eta plataformak erabiltzea, tokiko sormen eta merkataritzari ikusgarritasuna emateko maila guztietan".