Jaibus itzuliko da aurten, Arabako herrietako jaietara joateko

Erredakzioa 2022ko eka. 6a, 13:30
Jaibus programaren autobus bat, pandemiaren aurretik. / ALEA

Ekainaren 18tik urriaren 1era bitartean, Arabako 23 herritako jaietara joateko 43 ibilbide izango ditu Vital Fundazioaren Jaibus programak.

2019an bere 20. urteurrena ospatu zuen Jaibus Vital programak. Pandemiaren bi urteko etenaldiaren ondoren, Arabako herrietako jaiak itzuliko dira aurten, eta, hiru urteren ostean, Jaibusek joan-etorri seguruak egiteko aukera emango die berriz ere 15 urtetik gorako gazteei, autobus flota zabal batekin, 23 helmugarekin eta 43 ibilbiderekin.

Lehen hitzordua ekainaren 18an izango da, Ozaetako jaiekin batera, eta azkena urriaren 1ean, Gesaltza Añanako jaietan. Tartean, abuztuaren 6an, herrietatik Gasteizko Andre Maria Zuriaren ospakizunetara joateko aukera egongo da, baita hiriburutik Santikurutze Kanpezu, Murgia eta Aguraingo jaietara joateko ere, besteak beste.

Herrietara doazen autobusak 23:30ean abiatuko dira ibilbideko lehenengo puntutik. Itzultzeko, bi ordutegiren artean aukeratu ahal izango da: 03:30ean edo 06:00etan. Gainera, zenbait udalerrik ordutegi bereziak izango dituzte, eta www.fundacionvital.eus webgunean kontsulta daitezke.

Andre Maria Zuriaren jaietarako zerbitzua, berriz, 22:30ean aterako da abiapuntuetatik, eta itzulera hiriburutik egingo da 07:30ean.

Joan-etorriko txartelen prezioa 3 eurokoa izango da, eta erreserba www.fundacionvital.eus webgunearen bidez baino ezin daiteke egin. Ekaineko zein uztaileko ibilbideetarako izen-emateak martxan daude dagoeneko; abuztukoak, berriz, uztailaren 18tik aurrera izango dira, eta irailekoak zein urrikoak abuztuaren 16tik aurrera. Epea bidaia bakoitzaren bezperako 13:00ak arte egongo da zabalik; salbuespen gisa, Gasteizko eta Bastidako jaietarako izen-emateak abuztuaren 3ko 19:00ak arte izango dira, eta Langraiz Okara joateko plazak abuztuaren 12ko 13:00ak arte.

Gainera, izen-emateak pertsonalak eta besterenezinak izango dira, eta zerbitzuetako arduradunek bidaiarien nortasuna egiaztatuko dute; beraz, autobus joan-etorrirako beharrezkoa da identifikazioa eta ordainagiria eramatea.

IBILBIDEAK

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide