Euskal Eskola Publikoaren Jaia

Publikoa da bidea

Lurdes Imaz (Ehige) 2022ko eka. 3a, 10:37

'Hazitik gora' da aurtengo Euskal Eskola Publikoaren jaiaren leloa. / Ehige

"Eskola publikoa merkatutik atera behar dugu, honen baloreak erdigunean jarriz"

Apirilaren 7an Hezkuntza Hitzarmena adostu zuen Eusko Legebiltzarreko gehiengo politikoak, etorkizuneko Euskal Hezkuntza Legearen oinarri izango den dokumentua. Orduan salatu genuen akordio horrek publiko-pribatu hezkuntza-eredu duala betikotzen zuela, ez zuela lehenesten eskola publikoa eta arriskuan ipintzen zuela bere etorkizuna.

Denborak arrazoia eman digu. Maiatzaren 5ean iritsi zen planifikazio dekretu berriaren zirriborroa Eusko Legebiltzarrera, zeinek Hezkuntza Hitzarmenaren alor pribatizatzaileenak garatzen dituen. Gogora dezakegu dekretu honek zehazten dituela ikastetxeen eskaintza egiteko irizpideak.

Alde batetik, maila berean jartzen ditu ikastetxe publikoak eta pribatuak, euskal hezkuntza zerbitzua delakoaren bidez. Etorkizunean ez dira egongo ikastetxe publiko eta pribatuak, baizik eta euskal hezkuntza zerbitzua osatzen duten ikastetxeak. Hala, desnaturalizatu egiten du publikotasunaren balorea eta berdin finantzatuko dira bi sareak, ditxosozko "doakotasuna" medio.

Bestalde, ez dago inongo bermerik egungo ikaspostu publikoak mantentzeko, arriskuan ipintzen ditu lerro bakarreko ikastetxeak eta "hezkuntza aniztasuna" bermatu behar dela bezalako eufemismoak jasotzen ditu.

LOMLOEk zonalde guztietan plaza publikoak bermatu behar direla dioen arren, ez dago horren arrastorik EAEko dekretu berrian. Ikastetxe publikoei lehentasuna ematen zieten artikuluak desagertu egin dira dekretu berri honetan, eta ez du jasotzen plaza publiko berriak sortzeko konpromisorik.

"Hezkuntza hitzarmenak maila berean jartzen ditu ikastetxe publikoak eta pribatuak"

Azken finean, eskarian oinarritutako planifikazio bat planteatzen du dekretu berriak, hain zuzen, jadanik porrot egin duen eredu bat, ez dizkielako bermatzen ikasle guztiei aukera berberak.

Egun indarrean dagoen planifikazio dekretuak (2009) gain eskaintza pribatua eta segregazioa sortu ditu, eta badirudi dekretu berria bide beretik doala.

Horren aurrean, eskola publikoa lehenetsiko duen planifikazioa aldarrikatzen dugu:

Ikasle guztiei aukera berdinak bermatuko dizkion planifikazio bat. Plaza publiko berriak sortuko dituena, gaur egungo dualtasunetik atera eta eskola publikoa erdigune izango duen hezkuntza-sistema bat sortuko duena.

Ikaspostu publikoak betetzea lehenetsiko duen eredua behar dugu, ez itunduz plaza pribatuak baldin eta plaza publikoak baldin badaude.

Eskola publikoan inbertituko duen eredu bat, familia eta ikasleei kalitatezko hezkuntza eskainiko diena, arlo hauetan besteak beste: pertsonala; azpiegitura eta zerbitzuak; berrikuntza programak, kalitatezko erantzuna emango diotenak aniztasun egoerari; hezkuntza ez-formalerako programak.

Azken finean, eskola publikoa merkatu sistematik atera behar dugu, elkarrekin lan egingo duten ikastetxe publikoen sareak sortuz eta publikotasunaren baloreak erdigunean ipiniaz.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago