Valencia 59-76 Baskonia

Real Madril izango du aurkari Baskoniak finalerdietan

Erredakzioa 2022ko mai. 30a, 23:08
Argazkiak: BASKONIA

Kanporaketako hirugarren partida irabazita, Baskoniak Valentzia gainditu du playoff kanporaketan.

Talde bakoitzak partidu bana irabazi ostean, hil ala bizikoa zuten gaurkoan bi taldeek titulua eskuratzeko lehian jarraitu nahi izatekotan. Valentziak hobeto ekin dio norgehiagokari, eta lehen minutuetan 10 puntu arteko aldea erdiestea lortu dute valentziarrek. Baskoniak, halere, ez du burua makurtu, eta, kanporaketa gainditu zezakeela sinistuta, lehian jarraitu du; gogotsu, baina jokoan erakustaldi handirik egin gabe.

Valentzia nagusi izan da lehen zati osoan zehar, baina aldageletarako bidea 3 puntu aurretik bakarrik zirela hartu ahal izan dute taronjek.

Bigarren zatiak bide beretik ekin dio, eta Baskoniari asko kostatu egin zaio partiduaren erritmoari eustea. Valentziarren kalterako, Hermannsson joko antolatzaileak min hartu du belaunean, eta partidua utzi beharra izan du. Ondorioz, Peñarroyaren mutilek, bigarren zatian zehar, ez dute jokoa behar bezala antolatu zezakeen jokalaririk aurkitu, eta, minutuak igaro ahala, noraezean ibili dira erasoan.

Bien bitartean, Baskoniak garaipen gose gehiago erakutsi du, eta jokalari guztien ekarpenari esker, pixkanaka markagailuan aldea handitzen joatea lortu dute. Baldwinek daukan gaitasun fisikoarekin erakustaldia egin ahal izan du, Grangerrek faltak atereaz azeri zaharrarena egin du, Costello aurrean zuen edozeinekin borrokan aritu da, eta Fontecchiok daukan kalitatea erakutsi ahal izan du.

Azken laurdenean erabat puskatu da lehia, eta Valentziak bost puntu bakarrik eskuratuta ezinezko izan du azken minutuetara lehiatzeko moduan iristea. Garaipenari esker, Baskoniak aurrera egin du kanporaketan, eta finalerdietan Real Madril izango du aurkari.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide