Loratu arte

Aritz Martinez de Luna 2022ko mai. 27a, 10:50

Alez-ale, pausu txikiak emanez, ALEA proiektuak aurrera egiten du. Irudi berria, bulego berria... eta, batez ere, aurrera egiteko gogoa.

Bitxia da gero gure ingurunea. Landare bati begira geratzen bagara, nekez ikusiko dugu aldaketarik, ez dugu inondik inora hazten ari denik ere antzemango. Kontra, toki egokian kokatuta eta behar dituen zaintzak eskainita, konturatu orduko, atzean utziko du hasiera batean antzemandako ahultasuna.

Egia da, halere, denetarik dagoela gure inguruan eta batzuetan uzta berehalakoan jasotzeko moduan izaten bagara ere, beste batzuek denbora luzea behar dutela eman dezaketen guztia eskaintzeko. Baratzean landatutakoak denboraldi bakarrean zehar jaso eta gozatuko ditugu, etorkizunean gehiago emango ote duten jakin ezinik. Fruta-arbolek, aldiz, ereindako hazi txiki batetik, urteen poderioz, gorpuztu eta heldutasunean fruitu goxoak emango dituzte.

"Kazetariek kontrakorik esango badute ere, albisterik ez izatea batzuetan ona da"

Alferrik litzateke ALEA bezalako proiektu batek, bere bizitza zikloan, zein erritmo izango duen azaltzen hastea. Mugimendu ikusgarri gutxi eta bai egunerokoan emandako milaka pausu txiki. Hilabete hotz eta gogorrak batzuetan, haize-ufada bortitzak besteetan eta itota ibiltzetik lehorte garai gogorrak arteko momentuak nahieran. Hori da gure natura, eta hala bizitzea dagokigu. Baina bada udaberri egun leunik ere, gau epel eta atseginik, ekaitz ondorengo loratze eta haize berriturik.

Albisterik ez izatea, batzuetan, ona da (kazetariek bestelakorik esango badute ere). Zer esatekorik ez badago ari garelako izango da. Gorpuzten, sendotzen eta sustraiak errotzen. Pixkanaka, motel eta aldaketa handirik ikusgarririk gabe, baina aurrera eginez.

Hazten jarraitzeko gogoz dihardugu, eta halakorik ez dugu bakarrik erdietsiko. Gure ingurunea zaindu, ekosistema elikatu, elkar-babestu eta indarrak batuz egingo dugu. Horixe dugu jomuga. Indarrak batzea eta baso oso bat ikusi artean lanean jarraitzea. 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide