Turismo berdeko bulegoa izango da Goya eraikina

Erredakzioa 2022ko mai. 26a, 18:14
1935ean eraiki zuten gasolindegia. / Alea

Udal-gobernuak datorren astean aterako du lehiaketara garai bateko gasolindegia berregokitzeko proiektuaren idazketa

Goya gasolina-zerbitzugune izandakoa, turismo berdearen bulego, bizikletak alokatzeko gune eta ingurumeneko eta kultura arloko jarduerak egiteko gune bihurtuko da. 21 Zabalguneak astelehenean aterako du proiektua idazteko zerbitzuen kontrataziorako lehiaketa.

Lizitazioaren aurrekontua 25.000 eurokoa da (BEZa aparte), eta gauzatzeko epea 14 astekoa. 21 Zabalguneren egoitzak eskaintzak aurkezteko azken eguna uztailaren 8a izango da. "Gure helburua da eraikin berezi, enblematiko eta balio arkitektoniko handia duenari bigarren bizitza bat ematea ekipamendura bideratutako erabilera edo helburu sozialarekin, eta are gehiago bere kokapena, hiriaren erdi-erdian, kontuan hartuta", azaldu du Ana Oregi 21 Zabalguneko presidenteak. Arreta berezia jarri dute eraldaketa horrek ondare industrialari dagokionez eraikina manten dezan, esan duenez. "Kultura-ondasuneko kalifikazioa eta kontserbazio estrukturalaren maila errespetatu beharko ditu. Horretarako, eraikina birgaitu eta egokituko da, baina ezingo da 1935ean Lopez de Uralde eta Alonso arkitektoek proiektatutako jatorrizko ideia, eraikin arrazionalista diafano batena, aldatu".

Bestalde, Elkarrekin Vitoriako bozeramaile Osacar Fernandezek Goya ekoturismoaren erreferentziazko gune bihur dadin lortutako akordioari garrantzia eman dio. "Azkenean, egia bihurtuko da Gasteizko gasolindegi zaharrena gure hiriaren Green izaerarekin erabat bat datorren zerbait bihurtzeko talde honek zuen desioa: bereziki turismo berdera bideratutako bulegoa izango da".

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide