Tokiko merkataritza dinamizatzeko eta udalerriko establezimenduetan kontsumoa sustatzeko helburuarekin, bonu kanpaina jarri dute martxan Amurrio. Udalak eta Izan Amurrio merkatari, zerbitzu eta ostalaritza elkartearen ekimenez, kanpainak irauten duen bitartean 1.000 bonu inguru eskainiko dituzte.
Bonu horiek modu ekitatiboan banatuko dira atxikitako establezimenduen artean, eta gure.laguntza.eus plataforman erosi ahal izango dira. Bonuaren balioa 25 eurokoa izango da eta 20 euro ordaindu beharko da. Erosketa bakoitzean gehienez bi bonu trukatu ahal izango dira. Guztira, askotariko 39 establezimenduk egin dute bat kanpainarekin.
"Nazioarteko faktoreak gaur egun sortzen ari diren ziurgabetasun ekonomiko egoerak, prezioen igoera orokorrak eta Covid-19ak sortutako pandemiaren ondorioek eragin zuzena izan dute sektore honetan, eta horregatik, gure aletxoa jarri nahi dugu, eta, kanpaina honen bitartez, tokiko merkataritza dinamizatu eta Amurrioko establezimenduetan kontsumitzen duten pertsonei mesede egin nahi diegu", azaldu dute Txerra Molinuevo Amurrioko alkateak eta Selene Diaz Gabiña Izan Amurrioko presidenteak.