Kanpezutik, elkartasun deia

Erredakzioa 2022ko mai. 26a, 07:00

Euskal presoen eta euren senideen eskubideen aldeko lasterketa herrialdez herrialde lekualdatuz joan da 2013tik. / Mendialdea.info

Lasterbidean elkartasun lasterketa hartuko du larunbatean, hilaren 28an, Kanpezuk; egun osoko egitaraua prestatu dute, lasterketa luzea eta laburra, herri bazkaria, kontzertuak eta umeen txokoa tartean.

Lasterbidean euskal presoekiko elkartasun lasterketaren antolatzaileek bi aldiz atzeratu behar izan dute 2020an Kanpezun egitekoa zen zortzigarren edizioa, pandemiak eragindako egoeraren ondorioz, eta asteburu honetan ospatuko dute azkenik. Egun osoko egitaraua izango da: zunba, lasterketak, ekitaldia, herri bazkaria, umeen txokoa, esku pilota partida eta kontzertuak.

Duela zortzi urte egin zuten lehen aldiz Lasterbidan ekimena, Oiartzunen. Kirolari lotutako elkartasun ekimena da,  baina kirol ekintza baino gehiago izan nahi duena: preso eta errefuxiatu politiko guztien aldeko elkartasun ekimen bat da. "Gatazkaren ondorioak konpondu ez diren honetan, errepresaliatu direnen egoera guztiz konpondu arte eta guztiak etxean egon arte, kirolaren mundutik ekarpen hori egin nahi izan zitzaion, eta konpromiso horrekin jarraitzen dugu", azaldu du Izaskun Abaigar ekimenaren bultzatzaileak.

Ohi bezala, bi lasterketa egingo dira, luzea eta laburra. Luzea inoizko luzeena izango da aurten, 9,2 km-koa. Antolatzaileek gogorarazi dute, baina, ez dela giro lehiakorrean egiten den lasterketa eta gainera laua izango dela ibilbidea, aldapa handirik gabekoa. Lasterketa txikia egiteko aukera ere izango da, 3,2 km-koa hori. Aurretik izena emateko aukera izan bada ere, egunean bertan izena emateko aukera izango da bietan.

Zortzigarren edizio hau larunbatez ospatuko dute, igandean beharrean, eta gauerako aisialdi egitaraua prestatu dute. Esku pilota partida izango da arratsaldean, 17:30ean, eta Zaunka, Sakamantekas eta Erroka taldeen kontzertuak plazan, 19:00etatik aurrera. DJ Bull izango da taula gainean horien ostean.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago