Artium museoko artelanak ia 47 milioi euroan zenbatetsi dituzte

Erredakzioa 2022ko maiatzaren 26a

46.985.043 euroko balioespena eman diete Artiumek dituen artelanei. ALEA

Arte garaikideari eskainitako museoak soilik biltzen du Arabako foru museoen balioaren %63, aldundiak emandako datuen arabera.    

Artium museoan bilduta dauden artelanek 46.985.043 euro balio dute. Horrela balioetsita daude arte lanen gordailuaren aseguru poliza kontratatzeko Arabako Foru Aldundiak atera duen azken lizitazioan. Balioespen hori Arabako museoen artean handiena da; alde handiz, gainera. Orotara, foru sareko museoen %63 suposatzen du horrek. 

Gasteizko Gotzaindegiarekin batera kudeatutako Arte Sakratuaren museoa da bigarrena, alde ekonomikoari dagokionez bederen: 12.119.204 euroko balioa emango zaio aseguru polizan. Sailkapen horretan doaz ondoren Fournier museoa (5.218.625), Arkeologia museoa (3.315.026), Arte Ederren museoa (3.189.954) eta Armagintza museoa (1.455.013). Azkenik, Puente Altoko foru biltegian gordetako lanei 1.818.971 euroko balioa eman diete foru arduradunek. 

Guztiak batuta, foru sareko artelanek 74 milioi euro balio dute, agiriaren arabera. Artelanak aseguratzeko kontratua egiteko 110.000 euro bideratuko ditu diputazioak, BEZik gabe.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago