Greba ziklo baten osteko beste akordio bat Arabako industrian, oraingoan AEDn (Aernnova Engineering Division) enpresan. Apirilaren 5ean eta 7an lau orduko lanuzteak egin zituzten, eta maiatzaren 3an, 5ean, 10ean eta 12an lau greba egun; ondoren, greba mugagabearen hotsak entzuten hasi ziren, baina azkenean akordioa erdietsi du enpresa batzordeak —ELA sindikatuaren gehiengoarekin— zuzendaritzarekin.
Horrela, aplikatzen ari zen Ingeniaritzen Estatuko Hitzarmena atzean utzi eta lehen aldiz enpresa hitzarmena izango dute Miñaoko 140 langileek. "Urteetako planifikazioa, bilera asko eta greba egun batzuk egin dira, eta negoziazio gogor baten ondoren hobekuntza garrantzitsuak lortu dira", azpimarratu du ELA sindikatuak.
Hitzarmen berriak hainbat hobekuntza ekarriko ditu: soldata igoerak —KPIari lotutakoa plantilla osoarentzat, soldaten parekatzea, kolektibo prekarioenentzako igoera lineala eta helburuen ordainsaria—, lanaldi murrizketa —16 ordu urteko hitzarmenaren indarraldiko (2022-2025) azken urterako—, deskonexio digitaleko zein telelaneko eskubideak, eta lan erreformen aurkako blindaje-klausulak.
ELAk "positibotzat" jo du akordioa: "Hobekuntza horiek are garrantzitsuagoak dira kontuan hartzen bada Aernnovak urteak daramatzala baldintzak eta eskubideak murrizteko apustu sendoa egiten. Langileak kalera atera dira, etorkizunean aurrera egiten jarraitzeko oinarriak ezartzen dituen akordio hau lortu arte", nabarmendu du sindikatuak.