Luis Garcia izango da Alavesen entrenatzailea datorren denboraldian

Erredakzioa 2022ko mai. 23a, 20:19

Urtebeteko kontratua sinatu du entrenatzaile madrildarrak.

Alavesek Luis Garcia (Madril,1972) entrenatzaileari eman dio taldea lehen mailara itzultzeko proiektuaren gidaritza. Duela bi hilabete arte Mallorcako entrenatzaile izandakoak, Elx, Levante, Getafe edo Vila-real bezalako taldeak zuzendu ditu aldez aurretik. Horietaz gain, Txina eta Saudi Arabian ere badu eskarmentua madrildarrak. Erronka zaila izango du aurretik eta taldearen zuzendaritzak denboraldi negargarria bukatu eta biharamunetik jarri nahi izan du proiektu berria abian.

2022-2023 denboraldia

Aurtengo denboraldia ahaztea zail izango dute jarraitzaile arabarrek. Taldea negargarri aritu da denboraldi osoan zehar eta esperantza azken unera arte galdu ez duten arren, aspaldi sumatzen zen gasteiztarrak bigarren mailan aritu beharko zirela datorren ikasturtean.

Lehen aldaketa entrenatzaile berriaren izendapenari egokitu zaio, baina nabaria da jokalarien artean ere dantza mugitua izango dela udaran Mendizorrotza aldean. Hasteko, Joselu taldeko golegile nagusiak, jetsieragatik barkamena eskatuz, bere agurra adierazi berri du. Ikustekoa izango da datozen hilabeteetan biziko den aurpegi berrien joan-etorriak jarraitzaileen interesa pizteko balioko duen bederen.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide