10.000 kontsulta baino gehiagori erantzun diete Asexorian

Erredakzioa 2022ko maiatzaren 23a

1987. urtean jarri zuen abian aholkularitza zerbitzua Gasteizko Udalak. / Asexoria

25 urte bete ditu gazteentzako sexualitateari buruzko aholkularitza zerbitzuak; azken urtean 700 kontsulta inguru izan dituzte.

Asexoriak, gazteentzako sexualitateari buruzko aholkularitza zerbitzuak, 25 urte bete ditu, eta 10.000 kontsultari baino gehiagori erantzun die denbora horretan. Gasteizko Udalak 1987an inauguratu zuen zerbitzuak aholkularitza eta informazioa ematen die 14 eta 30 urte bitarteko gazteei, gizarte- eta hezkuntza-eragileei, ikastetxeei, elkarteei eta familiei.

Asexoria doako udal-zerbitzua da, sexologiako profesionalek artatzen dute eta zalantzak argitzen eta sexualitateari buruzko informazio egiaztatua aurkitzen laguntzen dute. Sexu-harremanak (komunikazioa, hausturak, eztabaidak), sexu-identitatea, desioaren orientazioa, gustuak, desioak, fantasiak edo sexu segurua praktikatzeko prebentzioko informazioa dira Asexorian lantzen diren gai nagusietako batzuk.

25 urte hauetan, sexualitatearekin lotutako 10.000 kontsulta baino gehiagori erantzun die Asexoriaren zerbitzuak Gasteizen, eta azken urtean bakarrik 700 baino gehiago erantzun dituzte. Ikastetxeetako hitzaldiei dagokienez (baliabide hori ere doakoa da, Bigarren Hezkuntzako, Batxilergoko eta LHko ikastetxeei eskainia), azken hamar urteetan 16.600 gazterengana iritsi da.

Zerbitzua El Campillo gizarte-etxean dago, eta astelehenetik ostiralera eskaintzen du zerbitzua 18:30etik 20:30era eta asteazken goizetan 11:00etatik 13:00etara. Arreta aldez aurretik hitzordua eskatuta egiten da, 945-16 15 83 telefono-zenbakiaren edo asexoria@vitoria-اiz.org posta elektronikoaren bidez. 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago