Trans neska bati buruzko film laburra egiteko crowdfunding kanpaina abiatu dute

Erredakzioa 2022ko mai. 23a, 13:03
'Ni horrelakoa naiz' film laburraren atzean dagoen lantaldea. / Argazkia: @HorrelakoaNaiz

Mondragon Unibertsitateko sei ikasle Ni horrelakoa naiz film laburra sortzen ari dira, trans neska baten istorioa kontatzeko eta LGTBIQ+ kolektiboari ikusgarritasuna emateko. Crowdfunding kanpaina bat abiatu dute, 3.000 euro lortzeko asmoz.

Ni horrelakoa naiz film laburrak trans neska baten istorioa kontatuko du. "Trantsizioa egiteko pausoa eman badu ere eta horretaz harro badago ere, oraindik beldur da. Horietako bat da gaur egungo mutil-lagunari esatea trans neska bat dela. Baina egoera hori erabat aldatuko da bere neska-lagun ohiaren agerpenarekin, bere iragan guztia ezagutzen duena", dio filmaren sinopsiak.

Ideia horretatik abiatuta, Mondragon Unibertsitateko Ikus-entzunezko Komunikazioko sei ikaslez —lau bizkaitar, gipuzkoar bat eta gasteiztar bat— osatutako talde batek LGTBIQ+ kolektiboari ikusgarritasuna eman nahi dion film laburra sortzeko crowdfunding kanpaina bat abiatu du Itsulapikoa.eus plataforman.

3.000 euro lortzeko helburuarekin, 5, 10, 20, 30 eta 50 euroko ekarpenak egiteko aukera dago, eta eskerrak emateko hainbat sari zozkatuko dituzte: bi lagunentzako dastaketa afari bat Michelin izar bateko jatetxe batean, bi lagunentzako asteburu bat Las Casas de la Cascada landetxean (Kantabria), liburuak eta Sagardoaren Museora bisita, besteak beste.

Beharrezko finantzaketa lortu bitartean, proiektuaren inguruko nobedadeen berri ematen ari dira sare sozialen bitartez:

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide