Tximino baztangaren lehen kasu susmagarria atzeman dute Araban

Erredakzioa 2022ko maiatzaren 20a

Arabako Unibertsitate Ospitalean artatu dute gizona. / Alea

Sintoma arinak ditu gizonak, eta ez dute ospitaleratu behar izan.

Osasun Sailak jakinarazi berri duenez, tximino baztangaren lehen kasua izan daitekeena atzeman dute. Arabako Unibertsitate Ospitalean artatu dute gizona, eta sintoma larririk ez duenez, ez dute ospitaleratu behar izan. Bi edo hiru egun barru baieztatuko dute tximino baztanga ote den. Antza, bidaia batetik itzuli ondoren hasi da baztangak dituen antzeko sintomak izaten: sukarra, mialgiak, adenopatiak eta eskuetan eta aurpegian erupzioak.

Jakinarazi dutenez, gaixoari jarraipena egingo diote, eta inguruko lagunak aztertuko dituzte."Euskadik Alerta eta Larrialdi Sanitarioak Koordinatzeko Zentroarekin koordinatuta lan egiten du kasu susmagarri horiek aztertzeko, eta baieztapenaren zain egon beharko du". Hemendik aurrera, baieztatutako kasuen berri emango dute.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago