Zaila da Rodrigo Mariak bere-beretik hitz egitea lortzea. Zerbait pertsonala galdetuz gero, zalantzati hitz erdika erantzun, eta berehala dorretxeko bisitaren hariarekin bizi-bizi segitzen du: "Hemen Aita Santuaren makulua daukagu, hemen Lepantoko gurutzea, horma hauek, berriz, Gasteizko Santa Isabel etxeak –ondoren Fournier izan zenak– margotutako paperez apainduta daude...".
Varonatarren dorretxeko azken jaunak badu bere abizenaren pisua, baina baita Rodrigo izenarena ere, izan ere, 1150tik gaurdaino, 27 belaunalditan, etxeko premu guztiek hartu dute lehenik "Rodrigo" izena: Rodrigo Pedro, Rodrigo Ignacio, Rodrigo Luis, Rodrigo... "Rodrigo, Espainia galdu zuen erregeagatik.Ondoren de Varona abizena, gurea Varonaren jaurerria baita, tira, Alfonso XII.ak esan zuen Espainiako Jaun bakarra bera zela, eta ondorioz, jaurerriak desagertu ziren, eta abizenean geratu zen de Varona". Hortaz, etxean Rodrigo batzuk besteetatik bereizteko bi izenak erabili izan dituzte. "Aitak ez, haserre zegoen egokitu zitzaion izenarekin, orduan ohitura baitzen eguneko santuaren izena jartzea, eta hari Hipolito Casiano tokatu zitzaion kar, kar. Nagusi egin zenean, apaizarenera joan, eta esan zion: Edo ezabatzen duzue izen hori artxiboetatik edo ez duzue gehiago nire berri izango". Hura Rodrigo izan zen soilik.
"Gure etxean aurrerapena ekarri dugu, ez etxerako soilik, herriaren intereserako izan da"
Bi urte zeraman Rodrigo Mariak dorretxean egon gabe. Mediku, pandemia eta abarrengatik Gasteizen pasatu du denbora. 1950ean bertan jaio eta sei urte izan arte egon zen han bizitzen. Gero Gasteizko Bakea kaleko San Jose eskolara (gaur egun San Viator denera) bidali zuten. Ikasketarik egin zenuen?, galdetu diot. "Nerabezaroan debekatu zidaten arte, batxilergoa bukatutakoan utzi behar izan nuen". Begietan arazo bat zuen eta gehiegi ikasiz gero ikusmena galtzeko arriskua zuen.
Rodrigo Mariak familiaren ahotik, aitarenetik batik-bat, jaso izan du varonatarren berri, horrez gain, beren etxeko artxibategian –1.200 aletik gora gordetzen dituzte– irakurri ditu etxeko historia eta istorioak, biak nahasirik: "Pentsa ezazu etxeko kronikak eskribauek egin izan dituztela, eta badakizu, hark ez du esango hau edo hura lotsagabe bat edo kriminal bat izan zela". Etxeko istorio ezagunena, "La varona"-rena, kasu: Maria Perez, etxeko alaba, joan bide zen gerrara eta Aragoiko erregea menderatu zuen borrokan, aurrez erregeak ezpata puskatu bazion ere. Erregeak, menderaturik, garaitu zuen baroiaren aurpegia erakutsi ziezaion eskatu zion, eta aurpegia erakusteaz bat "Varón no, varona" ihardetsi omen zion Mariak. Etxeko artxibategietan biak daude, historia eta istorioa: izen abizenez Maria Perez bizi izan zen dorretxean, bere "eginak" (kondaira), ordea, bera hil eta 400 urtera ageri ziren dorretxean idatzita, zabaldua zegoen mito baten beste ale bat gisan: emakume gerlaria. Bestalde, egia da abizena Perezetik Varona izatera pasatu zela, baina izan daiteke jatorria Soriako Barahonatik (non bataila bat izan zen) izatea, are euskaratik eratortzea, beste batzuen arabera. Ez naiz aditua, galdera ikurrak besterik ez dauzkat.
Zein zen zure logela? "Nik logela guztietan egin izan dut lo, bisitak zeudenean batetik bestera mugitzen ninduten. Aita zena ez, hark esan zuen: ohe honetan jaio nintzen eta ohe honetan hilko naiz".
Harrotasunez segitzen du etxeko berri ematen: Gatz-bidearen eta Santiago bidearen babesleak izan zirela, musulmanen kontrako borrokalariak, bandoen arteko gerretan oinaztarrak, XIX. mendean karlistak, Arabako bi diputatu nagusiren sorleku, Espainiako legebiltzarkide batena, Alba, Salazar, Velasco, Mendoza, Sarabia, Pozas, Rueda, Manrique eta Errege-etxearen beraren ahaide.
"Hemen Aita Santuaren makulua daukagu, hemen lepantoko gurutzea..."
Rodrigo Maria etxeko zerbaitez harro badago –eta bere hitzetan beste nobleen artetik beren marka bereizgarria dena– lurraldearekin izan duten lotura izan da: lurrak eta baserriak gobernatu, upategiak, itsasontziak, inkilinoak. "Gebaratarrek eta gainerakoek ahal izan zuten bezain laster utzi zioten lurraldeak gobernatzeari; etxeak eta ondarea saldu eta alde egin zuten Madrila. Gure etxean aurrerapena ekarri dugu, baina ez etxerako soilik, herriaren eta Arabaren intereserako: patata ekarri genuen, Rodrigo Ignaciok, gure zientifiko handienak, kalkulu gurpila asmatu zuen, gaur egungo kalkulagailuen oinarria, sistema dezimala sartu genuen diputazioan, argindarra ekarri genuen...".
VillanaÒeko dorretxean ikus daitezke, besteak beste, Clementi piano bat (munduan bost halako bakarrik egin ziren), "lehenak izan ziren Do nota zekartenak"; Philips etxeko lehen irratia, gramofono bat harrizko diskoen jogailu, edo "Varona" izena idatzita duten hiru bonbilla, inoiz erretzen ez diren horietakoak: Europan, 1877an, argiztatu ziren batera London, Paris eta Haro (bertan varonarren upategi bat baitzegoen). Asmoa Villanañe ere beste hirurekin batera argiztatzea zen, baina ekaitz batek atzeratu egin zuen argi elektrikoaren etorrera sorterrian.
Garai batean Astulezen, Karkamun, Nograron eta Fontechan dorretxeak zituzten, nagusia Villanañekoa bazen ere. 1960. hamarkadara arte eutsi zioten maiztertzari, "ez zen errenta, oso alokairu baxuak ziren eta maiz galerak izaten ziren". Bailarako etxe guztien jabe ziren. "Dorretxetik ikusten diren lur guztien jabe gara".
Villanañerekiko harremana berezia izan da, beraz. Bertakoei calla-ranas esaten zaie, Erdi Arotik zetorren pribilegio baten ondorioz: udaberritik uztailera Villanañeko herritarren ardura zen gaztelua inguratzen duen lubanarroko uretako igelak jaunaren lo-kuluxka orduan isilaraztea, eta horretarako uretan makilkadak jotzen zituzten. Rodrigo Maria irribarretsu defenditzen da: "Jende guztiak daki eguerdi-arratsaldean igelak isilik egoten direla; azkenean, villanañetarrei oturuntza bat eskaintzen zitzaien eta ingurukoak inbidiaz esaten zieten igel-isiltzaile. Bitxikeria bat: bai gaitzizena bai jaurerriaren eginbeharra –igelak isilaraztea– Oñatiko jaurerriarekin eta oñatiarrekin, txantxikuekin, konpartitzen zuten varonatar-villanañetarrek. Eta, azkenik, aieru bat ere bai: Rodrigo Mariak dio pandemiaz geroztik igelak isil antzean daudela inguruan; natura jakituna omen, Oñatin kantari ari ote dira?
Rodrigo Mariaren lana varonatarren negozio eta ondasunak kudeatzea izan da. Ezkondu gabea da, eta hil ondorengo bizilekuaz hau dio: "Lehen varonatarrak Valpuestako apezpikutegian daude (IX. mendeaz gero), ondoren XVII. mendean Villanañeko eliza eraiki zelarik elizan bertan, eta azkenik, XIX. mendean Mendizabalen Desamortizazioarekin batera, elizetan lurperatzeak debekatu zirelarik, Villanañeko hilerrian panteoia egin zuten. Baina familiak baditu panteoiak Gasteizen, Errioxan eta abarretan, familia-adar bakoitzeko.
Solasaldian urduritasun puntu batez aritu naiz, eta grabazioa berriz entzundakoan ohartu naiz Rodrigo Maria niri berorika eta ni berari zuka aritu garela. Ez dit kargu hartu.