Joseba Sarrionandia

"Literatura korrektoa ez zaio inori interesatzen"

Anakoz Amenabar 2022ko mai. 19a, 19:17
Aldabe gizarte etxean izan dute solasaldia. / I. Lazkano

Literaturaren inguruko solasaldiak lagun ugari elkartu ditu aste honetan Gasteizko Aldabe gizarte etxean.

Joseba Sarrionandia batu da oraingoan Patxi Zubizarreta idazleak gidatu ohi duen literatura saiora, eta Iurretako idazlearekin egungo eta garai bateko euskal literaturaz, belaunaldikide dituen idazleez, akats eta lorpenez aritu da lagunartean. "Hitz egin dezagun munduaz, niri buruz hitz egiteak lotsa ematen dit eta".

Durangalde katolikoa du gogoan, "gizarte estua", eta handik ihes egiteko modu bat izan zela literatura. "Bizitzera behartzen gaituzten errealitatetik eskapatzeko modua da niretzat literatura, komunikabideek ondo antolatuta duten errealitatetik ihes egiteko modua, ezjakintasun existentziala berreskuratzeko ariketa". Antzina abadeek kontatzen zuten errealitatea, eta orain egunkariek hartu dute lan hori. "Antzinako sermoiaren estiloa du egungo informazioak; egunerokoan, errealitatearen pertzepzio oso mugatua dugula uste dut". Erbestean 36 urte egin eta gero, Euskal Herriko errealitatearekin egin du topo. Kanpotik etorri da, eta ohartu da jendeari gauza berdinak gustatzen zaizkiola, agenda bat zehaztuta dago, "jendearen askatasuna egunerokoan ez da hainbestekoa". Horri aurre egitea du zeregin literaturak, Sarrionandiaren ustez: "Errealitatetzat hartzen den hori guztia zalantzan jarri behar du, bai politikoki eta bai estetikoki ere".

Atzera begira, idazle moduan zituen hasierako helburuak denborarekin aldatu direla aitortu du. 1980. hamarkada hasieran "lengoaia literario oinarrizko bat" falta zen, besteak beste, Stevenson eta Balzac euskaraz irakurtzea posible egingo lukeena. "Idazten zen guztia oso kutsatuta zegoen, bazenekien nondik zetorren. Barthesek aipatzen duen idazkuntzaren zero gradua falta zen, eta askoren lana hori izan zen: lengoaia literario moderno estandar bat sortzea". Garaiko "hiperpolitizazioak" nekatuta, "literatura apolitikoa" egitea zuen asmo, lengoaia literarioa sortzeko helburuarekin bakarrik. "Jende asko ahalegindu ginen horretan, eta batzuk oso onak; nire ustez, Bernardori –Atxaga– aldaketa koalitatiboa zor zaio, lengoaia literario modernoa sozializatu zuen Obabakoak-ekin".

Arrakastatsua izan zen lengoaia literario kultua osatzeko esfortzua, baina ahultasun batzuk ere utzi zituen bidean, haren ustez. "Giro ganorabako baten erdian, kriminalizatutako egoera batean, euskal idazleok ultrakorrektoak izateko beharra sentitu genuen". Literatura "oso zuzena" egin zuten, bai hizkuntzaren aldetik, eta baita edukien aldetik ere. "Eta literatura gustatzen zaion edozeinek daki literatura ona egiteko inkorrekzioetaz hitz egin behar dela, korrektoa ez zaio inori interesatzen". Era berean, eredu horrekin ahozkotasuna ere alde batera geratu dela uste du, pertsonaiak bereizi gabe tartean: "Berdin hitz egiten du guardia zibil batek eta baserritar batek, hori ergelkeria bat da! Nahiz eta literaturan sinesgarritasunaren paktua egon, jendea ezin da hain sinesduna izan! Literaturaren zeregina erregistro arraroak sortzea da, sinpleak, barrokoak…". Edozein gizarte aldaketa ezinbestean "barbaroen" eskutik etorri dela gogoratu du, eta literaturan azken urteetako barbaro bakarrak emakumeak izan direla esan du: "Aldaketa bat ekarri dute". 

Steiner, Michael Ende, Zumeta, Esne saltzailearen fabula, Atxagaren mezua, Ruperren kanta... galdera ugari airean, agudo joan da solasaldia Aldabeko liburutegian bildu direnentzat.  

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide