Mikel Urdangarinek orkestrarako proiektu berria abiatu du

Erredakzioa 2022ko mai. 18a, 10:17
Lorea Bilbao, Iker Sanchez Silva, Mikel Urdangarin, Bingen Mendizabal eta Ibon Aranbarri. / ALEA

100/25 BOS - Mikel Urdangarin proiektuarekin, bere kantuen orkestrarako egokitzapena egingo du Urdangarinek, bere 25. urteurrenaren eta Bilbao Orkestra Sinfonikoaren mendeurrenaren harira.

Badira 25 urte Mikel Urdangarin kantautore zornotzar gasteiztartuak bere ibilbide musikalari ekin ziola. Urteurrena ospatzeko jardueren artean proiektu garrantzitsuena izango den 100/25 BOS - Mikel Urdangarin aurkeztu du astearte honetan Euskalduna Jauregian.

Proiektuaren oinarria Mikel Urdangarinen kantuen orkestrarako egokitzapena izango da. Zornotzarrak eta Bilbao Orkestra Sinfonikoak, elkarlanean, disko bati forma eman eta hainbat kontzertu egingo dituzte. Izan ere, Bilbao Orkestra Sinfonikoarentzat ere oso urte berezia da aurtengoa, bere mendeurrena ospatuko baitu.

Urdangarinek azpimarratu du proiektu hau bere ibilbidean "mugarria" dela: "Zirraragarria da eta ilusioz ekin diot. Elkarlan hau erronka ezohikoa da, ametsa, zalantzarik gabe. Salbuespen handiek merezi duten arretarekin erantzungo dugu", azaldu du.

Prentsaurrekoan, Urdangarinek alboan izan ditu Lorea Bilbao Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol diputatua, Ibon Aranbarri Bilbao Orkestra Sinfonikoaren zuzendari nagusia, eta proiektuan parte hartzen duen taldearen kideetako batzuk: Bingen Mendizabal, kantuen orkestrarako moldaketen arduraduna, eta Iker Sanchez Silva, kontzertuetan orkestra zuzenduko duena.

Disko bat eta dozenaka kontzertu

Proiektuaren hanketako bat uda amaieran grabatuko duten diskoa izango da. Bingen Mendizabalek kantak hautatu ditu Urdangarinekin batera, eta orkestrarako egokitzapenaren arduraduna izan da ere. Guztira hamabost abestik osatuko dute diskoa: horietatik hamahiru Bingen Mendizabalek moldatutakoak; beste biak Koldo Uriartek eta Fernando Velazquezek moldatu dituzte. Mendizabal pozik agertu da egindako lanarekin, "sormenezko erronka bat" izan baita, eta "abesti bakoitza eremu berrietara" eraman dutelako.

Beste hanka, jakina, zuzeneko emanaldiak izango dira. Dagoeneko Muxikebarrin, Getxon, eta Bilbon (abuztuaren 20an, Aste Nagusian) elkarrekin emango dituzten kontzertuak baieztatu dituzte. Baina data gehiago iritsiko dira, 25 Tour bira propioarekin uztartuta: Madril, Bartzelona, Salamanca, Logroño, Londres, Amerikako Estatu Batuak edo Japonia bisitatuko ditu bira horretan, besteak beste.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide