Astearte honetan, Haziak gora! lelopean ekainaren 5ean Bastidan ospatuko den Euskal Eskola Publikoaren Jaiaren 29. edizioaren abestia aurkeztu dute Lurdes Errasti Denon Eskola federazioko presidenteak eta Lurdes Imaz EHIGEko koordinatzaileak, prentsaurrekoan. Haiekin batera, San Frantziskotik (AEB) grabatutako bideo baten bidez parte hartu du abestiaren egileak, Maisha MC hip hop artistak (Eneko Axpe).
Kalifornian bizi eta musika ekoizpenean, DJ lanetan, rap musikan (besteak beste, 121 Krew eta Patrol Destroyers taldeetan) eta zinemagintzan murgilduta dabilen Maisha MC barakaldarrak sortu du abestia, Handitan izenburupean eta Glaukoma taldeko Juantxo Arakama, Laize MC eta Nizuri Tazuneri taldeko Fani abeslarien kolaborazioarekin.
Abestiaren letrarekin hainbat mezu plazaratu nahi izan dituzte: "Eskola publikoan ikasten duenak nahi duena izan daiteke. Kalitatezko eskola publikoa daukagu, inor atzean uzten ez duena. Euskara zaindu behar dugun altxorra da. Eskola publikoan denontzako lekua dago", azaldu dute.
Bideoaren ekoizpena, berriz, Bizkaiko Arriguri euskal bideogintza kooperatiba elkarte txikiak egin du, eta Bastidako eskolan eta Guardiako institutuan grabatu dituzte irudiak. Oraingoan, gaztetxoekin egin dute bideoa, umeekin egitea ohikoagoa den arren".