Javier Maroto salatu dute Sotosalbosen "irregularki" erroldatzeagatik

Erredakzioa 2022ko mai. 17a, 10:00

Javier Maroto Gasteizko alkatea izan zen 2015era arte. / Argazkia: PP

Tierra Comunera alderdiak Javier Maroto Gasteizko alkate ohi eta PPren senatariaren aurkako salaketa jarri du Hautesle Erroldaren Bulegoan, senatari izendatua izateko Sotosalbosen (Segovia) "irregularki" erroldatzeagatik.

Javier Maroto (Gasteiz, 1972) Gasteizko alkatea izan zen 2011ko ekainaren 11tik 2015eko ekainaren 13 arte, Gorka Urtaran jeltzaleak kargua hartu zuen arte; hala ere, zinegotzi izaten jarraitu zuen. Garai hartan, Mariano Rajoy PPko presidenteak alderdiko idazkariorde izendatu zuen, eta estatu mailako karrera egiten hasi zen alderdiaren barruan.

Hamazazpi urtez Udalean aritu ostean, 2016ko urriaren 17an, zinegotzi kargua utzi zuen, Alfonso Alonsoren ordez Espainiako Kongresuan diputatu izateko. 2018ko uztailean, Pablo Casado PPko presidente berriak Antolakuntza idazkariorde nagusi izendatu zuen Maroto, bien arteko babesa sendotuz.

2019ko apirileko hauteskunde orokorretan PPren Arabako zerrendaburua izan zen, baina, Iñaki Ruiz de Pinedoren (EH Bildu) hautagaitzaren aurrean, ez zuen Kongresuko eserlekua mantentzea lortu. Horren ondoren, Sotosalbos udalerrian (Segovia) erroldatu zen 2019ko ekainean, Gaztela eta Leongo senatari izendatu ahal izateko. Gaur egun, 2019ko uztailetik, PPren bozeramailea da Senatuan.

Erroldatzea: irregularra ala benetakoa?

Astelehen honetan, Partido Castellano-Tierra Comunera alderdiak Marotoren aurkako salaketa jarri du Estatistikako Institutu Nazionaleko (INE) Hautesle Erroldaren Bulegoan, "erroldatze irregularra" egotzita. Alderdi horren arabera, politikari gasteiztarrak hiru urte inguru daramatza Sotosalbosen (Segovia) erroldatuta, baina denbora horretan ez da modu eraginkorrean bizi izan, ez bertan, ezta Gaztela eta Leonen ere; hala eta guztiz ere, PPren eta Voxen botoei esker, duela gutxi senatari hautatu dute berriz ere.

Maroto aholkularitza enpresa bateko zuzendari baten etxebizitzan erroldatu zen, eta ez zituen izapideak ere egin, beste pertsona batek bere izenean formalizatu baitzuen erroldatzea. "Benetako bizilekutzat" jotzeko, INEk honakoa ezartzen du: urteko 365 egunetatik gutxienez 181 igaro behar dira herrian bizitzen. Salatzaileen arabera, Maroto "ez da Sotosalbosen bizi, eta ez da ia herritik agertzen ere".

Hain zuzen ere, alkate zen garaian, Marotok polemika handia piztu zuen Gasteizen, Diru-sarrerak Bermatzeko Errentaren inguruan eta etorkinen erroldatzeari buruz izandako jarrera xenofoboagatik.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago