Gasteiztarrek ere bat egingo dute 'Euskara aurrera' manifestazioarekin

Erredakzioa 2022ko mai. 17a, 09:00
Manifestaziora joatera deitu dute Gasteizko euskalgintzako hainbat eragilek. / ALEA

Euskara aurrera lelopean, euskararen aurkako erabaki juridiko eta politikoei aurre egiteko eta "urrats bat aurrera emateko" manifestazio nazionala egingo dute larunbatean, Donostian. Gasteizko euskalgintzako hainbat eragilek joateko autobus bat antolatu dute.

Apirilaren hasieran, Euskara aurrera egitasmoa aurkeztu zuten Euskal Herriko hainbat norbanako ezagunek. Maiatzaren 21ean, mugimenduaren lehen mugarria izango den manifestazio nazionala abiatuko da 17:30ean Donostiako Antiguako tuneletik, eta "euskaldunak zein Euskal Herriaren etorkizuna euskaraz imajinatzen duten herritar guztiak" deituta daude parte hartzera.

Euskararen egoerak kezkaturik, "urrats bat aurrera emateko momentua" dela iritzita, "euskararen eta euskaldunon aurkako erabaki juridiko eta politikoei aurre egiteko" deitu dute mobilizazioa, eta azken asteetan euskaltzale, euskalgintzako eragile eta bestelako eragile askoren atxikimendua jaso du ekimenak. Horrez gain, Soziolinguistika Klusterraren datuek agerian utzitako "estankamendu zantzua", pantailetan presentzia murritza edo euskaraz ikasteko eskubide urraketak salatu dituzte.

"Euskara galbidera zeraman joera ustez aldaezina itzultzea lortu dugu azken hamarkadetan egindako lanari esker", azpimarratu dute egitasmoaren sustatzaileek. "Baina gaur Euskal Herria berreuskalduntzeko eta euskara normalizatzeko bideak aurrera egingo badu, mehatxu berriak eta, beraz, erronka berriak ditugu esku artean: batetik, euskararen eta euskaldunon aurkako erabaki politiko eta juridikoek ez dute etenik; bestetik, kultur globalizazioaren ozeano zabalean euskararen presentzia lausotzen ari da".

Horren guztiaren aurrean, "euskararen aldeko olatura igotzera" deitu dute. Bide horretan, euskarak aurrera egin dezan, "instituzioen eta gizarte zibilaren arteko akordio berria" defendatu dute, hainbat aldarrikapen plazaratuz: "Euskaraz bizi nahia egingarri egiteko. Euskaldun gisa bizi ahal izateko. Euskara normalizatzeko. Hizkuntzen, hizkuntza komunitateen eta herrien berdintasunean oinarritutako munduari gure ekarpena egiteko. Guztion hizkuntza eskubideak errespetatzeko. Justizia eta demokrazia auzia delako hau. Euskara herri kohesiorako zuntza izateko. Finean, Euskal Herri euskalduna izateko".

Besteak beste, Telegram kanal bat sortu dute egitasmoaren nondik norakoen berri emateko.

Autobusa Gasteiztik

Joan den astean, Gasteizko euskalgintzako hainbat eragile eta norbanako bildu ziren Judimendi auzoko Aixkiria euskaltegian. Bertan, euskararen egoerari zein etorkizunari buruz hausnartu zuten, eta, ondoren, atxikimendua eman zioten Euskara aurrera egitasmoari eta manifestazioari.

Gainera, larunbatean, hilaren 21ean, 15:30ean San Anton plazatik abiatuko den autobusa antolatu dute, Gasteiztik ere manifestaziora joan ahal izateko. Tiketak Txapelarri eta Garraxi tabernetan daude salgai.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide