Arabako metalaren hitzarmen duin baten alde, ELA, CCOO, LAB, USO, ESK eta CGT sindikatuek grebara deitu dituzte sektoreko 20.000 bat langileak. Aste honetan eta hurrengoan, hiru greba egun izango dira, maiatzaren 18an, 24an eta 26an, negoziazioetan aurrerapausorik eman ezean.
Eta ez dirudi gauzak asko aldatuko direnik asteazkenerako. Izan ere, sindikatuek "SEAren immobilismoa" salatzeko eta grebarako deialdi berezia egiteko elkarretaratzea egin dute gaur, patronalaren egoitzaren aurrean. "Negoziazioak hainbat urte daramatza inolako aurrerapenik gabe. Patronalak ez du lanaldia txikitzeko edo subrogazio eskubiderako proposamenik aurkeztu, eta ez du hitz egin nahi izan metaleko langileen erosahalmenaz edo hainbat lan baldintza hobetzeaz", kritikatu dute.
Lehenik eta behin, maiatzaren 18ko jardunaldian "ekoizpena gelditu eta kalera ateratzera" deitu dute sindikatuek. Lehenengo ekintza informazio piketea izango da, 05:15ean Mercedesen. Ondoren, tokian tokiko goizeko protesten ostean, manifestazio bateratua abiatuko da 11:30ean, Bilbo plazatik.
Negoziaziorako gakoak
Sektoreko langileen lan baldintzak hobetzeko bederatzi aldarrikapen adostu dituzte sei sindikatu deitzaileek, negoziaziorako gako gisa. Hiru greba egunetan ez ezik, azken hilabeteetako mobilizazioen eta milaka langile bildu dituen sinadura bilketaren ardatz izan dira:
- 1.400 euroko gutxieneko soldata 14 ordainsaritan, eta KPIaren gaineko soldata igoerak.
- Lanaldia murriztea.
- Subrogazioa azpikontratetako langileentzako.
- Kontratazio iruzurraren aurkako neurriak.
- Behin-behinekotasuna eta malgutasuna mugatzea.
- Benetako berdintasun eraginkorra lortzeko neurriak.
- Lan osasuna bermatzeko neurriak.
- Baimenak hobetzea eta "pertsonak zentroan jartzeko" beste lan baldintza batzuk.
- Hitzarmena aplikatzeko bermeak: ultra-aktibitatea, alde bakarreko inaplikazioa eragoztea eta aplikatzeko lehentasuna ematea.
Dozenaka enpresa batzorde
Grebara deituta dauden 20.000 langileez gain, garrantzi handiko enpresa batzorde ugarik bat egin dute deialdiarekin: besteak beste, Mercedes, CIE Automotive, Inauxa, Atusa, Gestam Blogab Laser Araba, Aernnova, Burulan, TRPT, JEZ, Amurrio Ferroca, WEC, SDA Factory, Laminaciones Arregi, SNA Europe eta Condesa Fabril. Gainera, hainbat gizarte eragilek beren babesa adierazi diete metaleko langileei: Arabako Pentsionistak, kirol jardueretako langileak, Ernai, Ikama, Judimendiko Gazte Asanblada, Olarizuko Gazte Asanblada...
Greba formalki deitzen duten sindikatuak sei diren arren, protesta eta lanuzteekin bat egiteko dei egin diete "Arabako metalgintzako langile guztiei, sektorean lan baldintza duinak lortzeko".