Onenen artean dagoela erakutsi du Landak mendiko lehen etapa handian

Erredakzioa 2022ko mai. 16a, 09:00
Blockhaus mendateko helmugan Hindley izan da azkarrena./ Girodiitalia.it

Italiako Giroko 9. etapak sailkapena astindu eta indarrak neurtzeko aukera eman die faboritoei.

Blockhaus mendate gogorrak eman dio ongietorria aurtengo Giroko lehen mendi etapa garrantzitsuari, eta sailkapenean aldeak zabaltzeko lehen aukera izan dute txirrindulariek. Etapa ikusgarria eta bizia, sasoiko ez dauden horiek atzean uzteko balio izan duena.

Igoera gogorrean taldea txikitzen joan da, lehenik Ineos taldearen erritmo biziak eraginda, eta ondoren faboritoen erasoei esker. Igoera osoan zehar Richard Carapaz, Romain Bardet eta Mikel Landa izan dira. Halere ez dute alde handirik zabaltzerik lortu eta azken kilometroetan, maldak apaldu ahala, atzetik zetozen beste faboritoek aurreko hirurekin bat egitea lortu dute.

Talde txikia iritsi da helmugara, eta horien artean azken metroetan bizkorrena Jai Hindley australiarra izan da, Landa berriz laugarrena, Bardet eta Caparazen atzetik.

Faboritoen lehia

Juanpe Lopez gazteak, helmugan denbora galdu duen arren, maglia larrosari eusteko aukera izan du eta asteleheneko atseden jardunaldian sailkapeneko lehen postuan jarraituko du. Faboritoen zerrenda argitu egin da eta Simon Yates, Kelderman, Carthy eta beste asko lehiatik kanpo geratu dira dagoeneko. Mikel Landa zazpigarren dago sailkapen nagusian, 29 segunduko atzerapenarekin. Bestetik, Pello Bilbaok, eroriko gogorra jasan duen arren, helmugan denbora galera murriztea lortu du eta sailkapenean hamargarren kokatzen da gernikarra.

Sailkapen nagusia
1 Juan Pedro Lopez 37o 52' 01"
2 Joao Pedro Goncalves Almeida 12"
3 Romain Bardet 14"
4 Richard Caparaz 15"
5 Jai Hindley 20"
6 Guillaume Martin 28"
7 Mikel Landa Meana 29"
8 Domenico Pozzovivo 54"
9 Emanuel Buchmann 1'09"
10 Pello Bilbao 1'22"

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide