Maiatzaren 22an ospatuko dute Txakolinaren Eguna

Erredakzioa 2022ko mai. 11a, 14:17
Sei upategiren txakolinak dastatu ahal izango dira. / Alea

Jai-gunea 12:00etan irekiko dute, eta 2021eko mahats-bilketaren dastaketaz gozatu ahal izango da.

Arabako Txakolina elkarteak antolatuta, hilaren 22an ospatuko dute Txakolinaren Eguna Amurrion. Juan Urrutia parkean Arabako Txakolina Jatorri Deituraren barruan dauden sei upategik ekoitzitako txakolinik onenak bilduko dituzte.

Maite Eskarmendi kazetaria izango da aurten Txakolin Egunaren enbaxadorea. Euskal Herriko produktuekin konprometitutako pertsona da, antolatzaileek azaldu moduan. "Arabako txakolinaren laguna da, eta gure lurraldeko gastronomia-jardueretan laguntzen du". Izendapena 11:30ean izango da, Amurrioko udaletxean. Ekitaldian 2021eko mahats-bilketaren aurkezpena ere egingo da. Udaletxeko ekitaldia amaitu ondoren jai-gunearen inaugurazioa egingo da, 12:00etan, jaiaren hasierako txupinazoarekin.

2021eko mahats-bilketaren dastaketaz gozatu ahal izango da, bai eta pintxoz eta errazioz osatutako askotariko eskaintza gastronomikoaz ere. Gastronomia-gunearen sarreran horretarako prestatuko den eta 16:00ak arte zabalik egongo den mahaian erositako tiketen bitartez eskuratu ahal izango dira. Hori guztia osatzeko, bertako artisau-produktuen erakusketa eta salmenta egingo da, Haizem@n albokari elkarteak girotuta, eta Orozkoko Garrafa Arabako Txakolinarekin dastatzeko aukera egongo da. Aurten, berrikuntza gisa, erromeria egongo da 17:00etatik 19:00etara Erruki erromeriaren eskutik.

Antolatzaileek autobus zerbitzua jarri dute Gasteiztik festara joateko. 11:00etan irtengo da, Jesus Guridi kaletik (Corte Ingles parean), eta itzulerakoa 17:00etan abiatuko da Amurriotik. Txartelak Arabako Txakolinak Gasteizko Abastos Plazan duen Arabako txakolin-postuan salduko dituzte. Txakolin Egunarekin batera, halaber, Izan Amurrio merkatari eta ostalarien elkarteak bat egin du aurten Txakolin Egunarekin, oso jarduera bereziarekin. Udalerriko hiru saltokik Arabako txakolin-dastatzea egingo dute aurreko egunetan.

Mahats gutxiago

2021eko mahats-bilketa %37 jaitsi zen 2020koarekin alderatuta. Izan ere, aurreko urtean marka guztiak hautsi ziren, 718.454 litrorekin; 2021ean 449.791 kg bildu ziren. Hala ere, upategian "mahats osasuntsua eta kalitatezkoa" sartu dutela nabarmendu dute. Merkaturatzeak pandemia aurreko mailak baino hazkunde handiagoa izan du, batez ere AEBetan, Japonian, Alemanian, Kanadan, Erresuma Batuan edo Mexikon.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide