Euskal Herrian erabakitzeko eskubidearen aldeko plataformak, Assemblea Nacional Catalanak (ANC) eta Omnium-ek, Euskal Herriko zein Herrialde Katalanetako 300 gailur baino gehiagora igo eta Pirinioen bi aldeak argiztatzeko erronkari helduko dion Pirinioetako Bidea (Via Pirinenca) ekimena antolatu dute uztailaren 2rako.
Ekimena sustatzeko antolatu diren ekitaldien artean, Gorbeia mendiaren gaueko igoera egingo dute Araban larunbat honetan, maiatzaren 14an. Igotzeaz gain, tontorra argiztatu nahi du Gure Eskuk, erabakitzeko eskubidea aldarrikatzeko.
Horretarako, ahalik eta arabar gehien bildu nahi dituzte. Igoerara joateko autobus txartelak 10 eurotan salgai daude Gure Eskuren dendan (Aiztogile kaleko 71. zenbakian), Txapelarri tabernan eta Judimendiko Albeniz liburu dendan. Autobusa larunbateko 17:30ean aterako da Gasteizko San Anton plazatik.
Bere kabuz joan nahi dutenentzako, berriz, Murua herrian izango da hitzordua, 18:00etan. Pagazuriko bidetik edo Egillolarrako bidetik igotzeko aukera izango da; bigarren kasuan, Muruako harrobitik abiatuko dira, ordu berean. Antolatzaileek gogorarazi dute buruko argia edo linterna eramatea beharrezkoa izango dela.
Gorbeia Araban argiztatuko den tontor bakarra izango da, baina, hala ere, Aiaraldeko bizilagunak Ganekogorta mendia argiztatzen laguntzera deitu ditu Gure Eskuk. Horretarako, talde bat larunbateko 19:00etan aterako da Laudioko Santa Luziatik.