Maiatzaren 14an, larunbat honetan, Errepublikaren aldeko Estatuko Plataformak herri-kontsulta bat antolatu du, "izan nahi dugun estatu eredua definitzeko". Egitasmoa estatu mailakoa izango da, eta Araban ere bozkatzeko bost puntu izango dira lau orduz, 11:00etatik 15:00etara bitartean.
Gasteizen lau puntutan bozkatu ahal izango da: Bastida plazan (Zabalgana), Praga hiribidearen eta La Valletta kalearen arteko bidegurutzean (Salburua), Loma Jeneralaren plazan (erdialdea) eta Costa Rica kaleko ¶Espazioan (Pilar auzoa). Laudioko Lamuza plazan ere botoa emateko aukera izango dute arabarrek.
"Gizarte demokratikoetan, herriek erabakitzen dituzte beraiei dagozkien gai guztiak, horien artean garrantzitsuetako bat, Estatuaren forma. Gaur egungo biztanle gehienek ez zuten aukerarik izan 1978ko Konstituzioa bozkatzeko; baina bozkatu ahal izan zutenek ere ez zuten aukerarik izan Estatuaren formari buruz hautatzeko, Trantsizio Demokratikoa deituriko eztabaidatik lapurtu baitzieten. Ez garai hartan, ez geroago, ezin izan dugu erabaki", adierazi dute plataforma "bateratua eta anitza" sortzeko asmoarekin jaiotako herri-kontsultaren sustatzaileek.
"Badakigu kontsulta hau ezin izango dela loteslea izan, baina adierazpen bide bat da, herritarren parte hartzerako bide bat, bai eta egintza demokratiko bat ere, zeinarekin, gainera, dagokigun guztiari buruz erabakitzeko dugun eskubidea gauzatzen dugun", gaineratu dute.