Azken unean greba bertan behera utzi dute kirol jardueretako langileek

Erredakzioa 2022ko mai. 10a, 07:30
Kirol jardueretako langileen elkarretaratze bat. / Argazkia: @act_sos

Astelehen gauean egindako asanblada batean, Arabako kirol jardueretako langileek erabaki dute patronalak eskainitako soldata igoerak onartzea eta maiatzaren 10etik 14ra deitutako bost eguneko greba bertan behera uztea.

Egun osoko negoziazioen ostean, Arabako kirol jardueretako patronalaren azken eskaintza KPIari lotutako soldata igoera izan da. Bost eguneko grebarako ordu gutxi batzuk falta zirenean, proposamena ontzat ematea eta akordioa erdiestea erabaki du langileen asanbladak, astelehen honetako 22:00etan egindako bilera batean. Hortaz, ez dute iragarritako grebara joko maiatzaren 10ean, 11n, 12an, 13an eta 14an.

400 langile inguru zeuden deituta ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek antolatutako lanuzteetara —besteak beste, begiraleak, sorosleak eta kontrol teknikariak—. Ezohiko asanbladan ondorioztatu dute patronalaren eskaintzak langileen eskaera nagusiak asetzen dituela, eta "jarrera aldaketa nabarmena" antzeman dela bai patronalaren aldetik, bai Gasteizko Udalaren aldetik. Gaur egun, Aiteko eta Disport Eki dira administrazio publikoek lehiaketara ateratzen dituzten zerbitzu gehienen enpresa esleipendunak.

Beraz, duela bi urte iraungitako hitzarmena berrituko dute, eta neurri nagusia soldaten igoera izango da: %1,5 eta %2 bitartekoa 2022an, %2 eta %2,5 bitartekoa 2023ko urtarrilean, eta beste bat 2023ko urrian; hirugarren igoera horretan, azken lau ikasturteetako KPIak gehituko dira, aplikatutako bi igoerak eta %1 kenduta.

Negoziazioa "muturreraino"

Astearte goizean plazaratutako ohar batean, 2020-2023 urteetarako hitzarmen berriaren xehetasun gehiago eman ditu LAB sindikatuak: besteak beste, soldatak KPIaren arabera eguneratuko dira, sektoreko gutxieneko soldatak 1.200 euro garbiak gaindituko ditu, esperientzia eta zerbitzuan emandako urteak saritzen dituen antzinatasun-plus bat ezarriko da, urteko lanaldia 55 ordura arte murriztuko da kategoria batzuetan, lan zentroen arteko joan-etorriak mugatuko dira, subrogazio eskubideari berme gehiago emango zaizkio eta barne promozioak arautuko dira.

"Lortutako akordioak erakutsi du borrokak, beste behin ere, fruituak eman dituela", baloratu du LAB sindikatuak. "Enpresek muturrera eraman nahi izan dute hitzarmen kolektibo honen negoziazioa, baina langileek erakutsitako determinazioari esker eta egindako borrokari esker, akordio on bat lortu dugu, eta horrek aurrerapen garrantzitsuak dakartza gure lan baldintzetan".

Sindikatu abertzaleak goraipatu du greba "arrakastatsua" izango zena posible egiteko langileen ordezkariek "azken asteetan egindako lan eskerga, lantokiz lantoki joan baitira lankideak batzeko eta konbentzitzeko". Azaldu dutenez, sindikatuek badakite Gasteizko Udalak "bitartekari lanak" egin dituela deialdia saihesteko. "Sektoreko langile guztiak zoriondu nahi ditugu egindako borroka eredugarriagatik, beste behin ere agerian geratu baita antolaketarik eta borrokarik gabe ezinezkoa dela lan baldintzak hobetzeko aurrerapausoak ematea", azpimarratu du LABek.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide