Euskal mendizaletasuna ardatz, erakusketa eta hitzaldiak Arabako campusean

Erredakzioa 2022ko mai. 9a, 19:00
Besteak beste, Edurne Pasaban izango da arratsaldeko konferentzian. / Argazkia: UZTARRIA

Astearte honetan Euskal mendizaletasunaren historia erakusketa inauguratuko dute EHUren Arabako campusean. Goizez eta arratsaldez, izen handiko mendizaleak bilduko dira bi hitzalditan, eta erakusketa maiatzaren 26ra arte egongo da ikusgai.

EHUren Arabako campuseko errektoreordetzak eta Euskal Mendizaletasunaren Museoa Fundazioak (EMMOA) elkarlanari esker, asteartean, maiatzaren 10ean, Euskal mendizaletasunaren historia 22 paneletan jasotzen duen erakusketa aurkeztuko dute unibertsitate pabilioiko erakusketa aretoan (Apraiztarrak kaleko 1. zenbakian).

18:30ean egingo den inaugurazioarekin batera, bi konferentzia izango dira Micaela Portilla ikerguneko ekitaldi aretoan, izen handiko zortzi mendizaleren eskutik: goizean, 11:00etatik 13:30era, Luix Mari Zulaika, Irati Anda, Aitor Pinedo Jauregi eta Mendi Film Festival zinemaldiko Jabi Baraizarra bilduko dira; arratsaldean, 15:30etik 17:30era, Juanjo San Sebastian, Edurne Pasaban, Javo Alonso Aldama eta Alex Txikon izango dira Aitor Elduaienek moderatutako mahainguruan.

Erakusketa maiatzaren 26ra arte ikusi ahal izango da, 09:00etatik 20:00etara. Bai erakusketarako bai hitzaldietarako sarrera doakoa izango da; bigarren kasuan, harik eta gela bete arte.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide