Irudika egonaldi artistikoetan egindako lanak aurkeztu dituzte

Erredakzioa 2022ko mai. 9a, 12:57
Santiago Colombok eta Bea Lozanok egindako lanak ikus daitezke. / Vital Fundazioa

Irudika ilustrazioaren nazioarteko topaketa profesionalaren seigarren edizioa Artiumen izango da irailaren 29tik urriaren 1era.

Vital Fundazioak erakusketa bat antolatu du Irudika ilustrazioaren nazioarteko topaketa profesionalean egindako lanekin. Bea Lozano eta Santiago Colomboren eskutik, Angoulemeko Bande Dessinee-ko Cite Internationale eta Bilbaoarte Fundazioaren baliabide-zentroaren artean martxoaren 5etik maiatzaren 6ra arte egindako egonaldi artistikoan sortutako artelanak ikus daitezke.

Erakusketaren inaugurazioan, gainera, Irudika 2022 kartela eta nazioarteko topaketaren seigarren ediziorako sustapen egiteko erabiliko den animazioa ere aurkeztu dira. Lan biak egonaldi garai horretan sortu dituzte, eta Bea Lozanoren (ilustrazioaren kasuan) eta Santiago Colomboren (animazioaren kasuan) lanak dira. Lan horiek ibilbide luzea izango dute formatu oso desberdinetan: komunikabideak, publizitate-euskarriak, sare sozialak, etab.

Seigarren edizioa  

Irudikaren seigarren edizioa Artiumen izango da irailaren 29tik urriaren 1era bitartean. Hiru eguneko topaketa ilustrazioko profesionalen, argitaletxeen eta argitalpen arloarekin zerikusia duten eragileen artean. Aurten edukiera 125 lagunentzako izango da berriz, aurrez aurreko formatuan, eta online formatuari eutsiko zaio, irudika.eus plataformaren bidez. Plataforma horrek aukera ematen die sektoreko profesionalei beren lana erakusteko eta Irudika Komunitatearen bidez konektatzeko, baita argitaletxe eta eragileekin hitzordu profesionalak izateko aukera, eta Artiumen garatuko diren eduki, hitzaldi eta tailer guztiak eskuratzeko aukera ere.

Hautatutako bi artistez gain, aurkezpenean izan dira Elisabeth Perez Irudikako zuzendaria, Arantxa Ibañez de Opakua Vital Fundazioko zuzendaria, Andoni Iturbe Eusko Jaurlaritzako Kulturako sailburuordea, Ana del Val Kulturako foru diputatua eta Igor Salazar Merkataritza, Prestakuntza eta Enpleguko zinegotzia.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide