Mintzanetek 50 bidelagun behar ditu euskara online praktikatzeko

Erredakzioa 2022ko mai. 9a, 11:30

Mintzanet euskara online eta doan praktikatzeko proiektua da. / MINTZANET.net

Mintzanet egitasmoak euskara online praktikatzen lagunduko duten 50 bidelagun lortzeko kanpaina abiatu du. Izan ere, praktikatu nahi duten bidelarien itxaron-zerrenda luzea da, eta horiei laguntzeko pertsona gehiago behar dira.

Euskal Herrian euskaraz hitz egitea nahi du Mintzanet egitasmoak: kalean, etxean nahiz lantokian euskara erabiltzea; lagunartean, senideekin edo ezagunekin berba egitea; gure hizkuntza lau haizetara zabaltzea. Baina hori lortzeko bidelagunak behar dituzte, praktikatu nahi duten pertsonei laguntzeko.

Baina... zer behar du bidelagun batek? Euskalduna izatea, titulaziorik gabe bada ere; astero ordubeteko tartea eskaini ahal izatea ekimenari; bideo-deiak egiteko edozein programa eskura izatea Skype, Whatsapp, Google Hangouts…; eta, batez ere, laguntzeko gogoa eta esperientzia berri bat bizi nahi izatea.

Bidelariek, berriz, gutxienez B1 maila izan beharko du, baina batez ere praktikatzeko gogoa. Mintzanet aukera paregabea da euskaraz hitz egiten ikasi nahi duen jendea ezagutzeko, esperientzia betegarria eta aberatsa topatzeko, harreman politak sortzeko, hizkuntzari benetako bultzada modu errazean emateko, eta beste egoera linguistiko bat ezagutzeko.

Gainera, egitasmoan parte hartu duten zenbait lagunen bizipenak bildu dituzte Mintzanet bere ahotan atalean, idatziz eta bideoan. 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago