Eguzki panelak, uraren gainean

Juanma Gallego 2022ko mai. 5a, 06:00

Arabako Parke Teknologikoan dagoen urmael batean kokatu dute instalazio esperimentala. EMICA SOLAR

Arabako Parke Teknologikoan instalazio fotovoltaiko flotagarri bat jarri dute ur baltsa txiki baten gainean. Emica Solar enpresaren prototipoa da, teknologia foltovoltaikoaren aldaera hau probatzeko asmoz.

Euskal Autonomia Erkidegoko lehen instalazio fotovoltaiko flotagarria martxan jarri dute Arabako Parke Teknologikoan. Bertako lorategiak ureztatzeko baliatzen den urmael batean kokatu dute egitura berria. Plataforma flotatzaile baten gainean daude ezarrita eguzki plakak, 150 metro luze eta 60 metro zabal dituen putzuan.

Emica Solar enpresaren prototipoak 32 eguzki panel ditu. Orotara, 138 metro karratuko azalera du egiturak. Enpresaren arabera, horren diseinua trimaran motako itsasontzietan inspiratuta dago, eta horrek egonkortasun gehiago eta urarekiko kontaktu gutxiago izatea ahalbidetzen du.

"Diseinu honek lurrunketa naturalaren, mantenu kostuen eta ur flora eta faunaren gaineko afekzioaren gutxitze nabarmena dakar", adierazi du enpresa sustatzaileak hedabideei helarazitako ohar batean.

Teknologia erakusgarri

Iragarri dutenez, instalazio esperimental honen helburu nagusia muntaketa eta mantentze denborak neurtzea izango da. Modu berean, uraren kalitatearen bilakaera aztertu nahi dute. Zehazki, egiaztatu nahi dute tenperatura, disolbatutako oxigenoa, pH-a, klorofila eta gisa horretako beste zenbait faktoretan aldaketa esanguratsurik ote dagoen.

Espainian halako egiturak hartzeko gai diren 60.000 urmael daudela aurreratu dute

Erantsi dute horrelako ekipamendu bat instalatuta egotea bezero potentzialei teknologia hau erakusteko "tresna bikaina" izan daitekeela. Diotenez, hainbat enpresatako ordezkariek interesa agertu dute, eta azpiegitura berria bisitatu dute dagoeneko.

Momentuz oso zabalduta ez dagoen arren, enpresak uste du etorkizun ona izan dezakeela energia fotovoltaikoaren aldaera honek. Bizkaiko enpresak dio halako egiturak hartzeko gai diren 60.000 urmael inguru daudela Espainian, eta Espainiako Gobernuak dagoeneko jabego publikoko 106 urtegi identifikatu dituela, horrelakoak jartzeko potentziala dutelakoan. Hortaz, arlo horretan "merkatu potentzial garrantzitsua" dagoelakoan dago Emica Solar.

"Ingurumen abantailak"

Datu horietatik abiatuta, teknologia honen sustatzaileek uste dute Espainian, hurrenez hurren, 8.600 eta 10.000 megawatt instalatu ahalko direla urtegietan eta urmaeletan. Landare fotovoltaiko flotatzaile hauek "laku natural edo artifizialetan, urtegietan, edateko uretarako arroetan, nekazaritzako ureztaketarako ubideetan edo urmaeletan koka" daitezkeela argitu dute. "Hamarkada eskaseko ibilbidea duen teknologia da, baina hazteko potentzial handia du; ingurumen abantailak dakartza eta ez dakar nekazaritza lurra okupatzea", argudiatu du enpresak.

Beste alde batetik, mota honetako instalazioek bi alde dituzten eguzki panelak jartzea ahalbidetzen dute, eta horrek instalazioaren errendimendu energetikoa handitzen duela nabarmendu dute. Izan ere, uretan islatzen den Eguzkiaren argia ere jasotzeko gai omen da. Modu berean, urak eragiten duen tenperaturaren jaitsiera ere komenigarria bide da haize beroaren transferentzia prozesuan. Azken abantaila panelen makurdurari dagokie: gainerako instalazioetan 5 graduko inklinazioa baino ezin daitekeela ezarri dio Emica Solarrek. Uretan dauden panelen kasuan, ordea, inklinazio hori 25 gradutara iritsi daiteke.

Iazko martxoan abiatu zuten enpresa hau Abanto-Zierbenan (Bizkaia), Bizkaiko Aldundiaren eta Jaurlaritzaren babesarekin. Ehun urte baino gehiago dituen Emica Bombas enpresaren filial gisa abiatu dute, "dibertsifikazio jasangarriaren estrategia" baten barruan.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago