Erakundeen "utzikeria" salatu du Mendiak Askek, aerosorgailuek hildako hegaztiengatik

Erredakzioa 2022ko api. 22a, 11:42
Las Llanas zentral eolikoan hildako arrano sugezalearen irudiak. / Argazkiak: MENDIAK ASKE

Zentral eolikoetako aerosorgailuek eragindako hegaztien heriotzak zenbatzerakoan erakundeen "utzikeria" salatu du Arabako Mendiak Aske plataformak, Labrazatik gertuko Las Llanas zentral eolikoan hildako arrano sugezale baten irudien harira.

Aste honetan, Kodes mendilerroko (Nafarroa) Las Llanas zentral eolikoaren inguruan paseatzen ari ziren bi lagunek aerosorgailu baten azpian hildako arrano sugezale bat aurkitu zuten. Hegazti harrapari hauek Interes Bereziko espezie dira Espezieen Katalogo Nazionalaren eta nazioarteko beste araudi batzuen arabera; Afrikan igarotzen dute negua, eta martxoan gure inguruetara itzultzen dira, habiak egiten hasteko.

Arabako Mendiak Aske plataformak jakitera eman duenez, pertsona horiek hainbat erakunderekin harremanetan jarri ziren: besteak beste, Arabako Foru Aldundiarekin, Ingurumen Sailarekin, 112 zenbakiarekin, Sepronarekin, Nafarroako Berreskuratze Zentroarekin eta baita Foru Poliziarekin ere. "Haietako inork ez zuen bere gain hartu nahi izan gertaera hau, eta pilota haien artean pasa besterik ez zuten egin, gertaeraren ardura nork hartuko zuen zehaztu gabe", salatu du plataformak.

Gainera, ohartarazi dutenez, Las Llanas zentral eolikoa Aixeindarrek Labrazan proiektatutako zentraletik kilometro eskas batera dago. Zentral hori, halaber, Dueñasko Pinudiaren Baso Erreserbatik gertu, Kodes mendilerroko KBEtik kilometro eskas batera, eta Arabako Hegoaldeko Mendilerroak izeneko KBEtik bost kilometrora dago. "Argi dago zentral hori ez dela bateragarria korridore ekologikoek bete beharreko funtzioak zaintzearekin", kritikatu dute.

Korridore horretan, Bonelli arranoak, zaurgarritzat hartzen diren bi espezie, interes bereziko hamar espezie, bost espezie arraro, hainbat saguzar espezie eta babestutako beste hainbat espezie daudela ohartarazi du Mendiak Askek. "Berezitasun horiek guztiek proiektu hau bideraezina egiten dute", plataformaren ustez.

"Labrazan proiektatutako aerosorgailuek 200 metroko altuera dute, eta errota bakoitzak 1,5 hektareako zabalera hartuko du errotazioan; hau da, ia bi futbol zelaiek hartzen duten azalera", ohartarazi dute. "Beraz, hegaztiak hiltzeko gaitasuna Las Llanas zentraleko errotek baino askoz handiagoa izango da, horien altuera 60 eta 80 metrokoa baita".

"Zentral eolikoek eragiten dituzten hegaztien heriotzak zenbatzerakoan erakundeen utzikeriak ezin ditu alde batera utzi horiek eragiten dituzten heriotzak. Errealitatea ezin da eta ez da ezkutatu behar", aldarrikatu dute. "Gure arbasoek utzi dizkiguten natura guneen kontserbazioan oinarritzen diren energia politika berriak eskatzen ditugu, gure lurraldean bizitza ahalbidetu dutelako, ahalbidetzen dutelako eta etorkizunean ahalbidetuko dutelako".

Gainera, Labrazako herriak zentral eolikoari "ezetz" esan diola azpimarratu du plataformak.

Maiatzaren 14an, manifestazioa

Azkenik, Arabako Mendiak Askek gogorarazi du maiatzaren 14an, 19:00etan Gasteizko Bilbo plazatik, "Tapia Legea" salatzeko Araba Bizirik-ek deitutako manifestazioa. "Lege horien Interes Publiko-pribatu Goreneko Proiektuen (IPGP) bitartez, lurraldea antolatzeko eta kontserbatzeko gaur egun indarrean dauden lege guztiak bertan behera utzi nahi dira, herrien eta udalen gobernantza ahalmena ezeztatuz", salatu dute.

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide