San Prudentzio jaiak

Lozorrotik atera dituzte atabalak

Anakoz Amenabar 2022ko api. 22a, 09:46

30 urte betetzen dituen Oiongo danborradak kaleak hartuko ditu hilaren 27an. / San Bizente ikastola

Itxaronaldi luzearen ostean, San Prudentzio jaiek kaleak berreskuratuko dituzte; hilaren 22an hasiko dira lurraldeko jaiak pregoiarekin batera, eta maiatzaren 1era bitartean 80 jarduera baino gehiago izango dira.

Balkoiak utzita, berriz ere kalera jaitsiko dira danborrak. 2020aren aurreko jaietara bueltatuko dira aurten San Prudentzio eta Estibalizko Andra Mariaren jaiak, ohiko danborrada, erretreta, otordu eta erromeriak berreskuratuta. "Festa bera ez ezik, berekin dakarren guztia ere berreskuratuko dugu: alaitasuna, dantza, adiskidetasuna, otorduak, musika, tradizioa... bizitzeko eta gozatzeko gogoa, igaro dugun guztiarengatik hain zuzen", esan du Ana del Val kultura diputatuak. Horretarako, 80 jarduera baino gehiago izango dira prest.

Arabako jaiak apirilaren 22an hasiko dira pregoiarekin. Birusaren kontra lehen lerroan lan egin duten osasun langileen omenez, Maria Angeles Garcia Fidalgo Bioaraba Osasun Ikerketa Institutuko zientzialariak emango die hasiera 2022ko jaiei. Ekitaldia lehenengo aldiz kalean izango da, Probintzia plazan, 20:00etan, "herritarrengana gehiago hurbiltzeko" asmoarekin, Big Band Berri taldeak girotutako saioan.

Fanfarre eguna eta elkarte gastronomikoen lehiaketa, berriz ere, kalera itzuliko dira apirilaren 23an, jaiei hasiera emateko ezinbesteko hitzorduak. 10:00etatik aurrera Arabako plater tipikoen lehiaketa, ardo dastaketa lehiaketa eta txistorra pintxo banaketa izango dira. Arabako kuadrillen erakusmahaiak ere izango da plazan, dantza ikuskizun batekin batera, eta 12:30etik aurrera fanfarreak Probintzia Plazan elkartuko dira denak batera jotzeko. Arratsaldean, 19:00etan, Festara deituz ikuskizuna eskainiko du Jare dantza taldeak Andre Maria Zuriaren plazan, eta gauean, 21:30ean, Beste Bat taldearen kontzertua eta munduko hainbat perkusio talderen emanaldi berezia izango da Plaza Berrian.

Jaiei hasiera emango dien dei nagusia, ordea, hilaren 27ko erretreta izango da. 20:00etan, San Prudentzioren erretreta eskainiko dute udaletxeko balkoitik, eta, ordubete geroago, bigarren deia egingo da Aldundiaren balkoitik, arabarren gau eta jairik kutunerari hasiera emateko ikurra. Gauerdian helduko da jaien une gorena, gastronomia elkarteen danborradarekin.

Hilaren 28an, ehunka bisitariren ohiko paisaia berreskuratuko dute Armentiako zelaiek. Elizkizunak, dantza emaldia, haurrentzako jolasgunea, herri kirolen erakustaldia eta 160 saltoki baino gehiago prest dira arabarrei ongi etorria egiteko.

Eten txikiaren ostean, maiatzaren 1ean Estibalizko zelaiek hartuko dute lekukoa. Urteroko zitari hutsik egin gabe, aire zabalepintura lehiaketa, sukaldaritza lehiaketa, haurrentzako jolasgunea eta herri kirolen erakustaldia izango dira, besteak beste. 

Danborradak 30 urte

Gasteizen bezala, Laudion, eta  Amurrion ere San Prudentzio jaietako danborrada ospatu ezinik izan dira bi urtez, eta gogotsu dira taldeak kaleak hartzeko.

Rakatapla aisialdi, gastronomia eta kultur taldea arduratu da jaia berreskuratzeaz Laudion; hilaren 27an danborrada egingo dute, 21:00etatik aurrera, eta, 24:00etan, herriko plazan banderaren igoera. Amurrion ere danbor hotsak aspaldi entzuten dira, 27an egingo duten danborrada nagusirako prestatzen.

Halaxe aritu dira, baita ere, Oionen. Joan den astean hasi zituzten San Bizente ikastolako gurasoek antolatutako danborradako entseguak, urte berezi baterako gainera; balkoietatik kalera jaistearekin batera, 30 urte beteko ditu aurten bertako danborradak, eta ospakizun berezirako, besteak beste, Guardiako Prudentzio Egunsentia abesbatza izango dute lagun San Prudentzio bezperan. 19:00etan emango diote hasiera jaiari erretretarekin eta jarraian   Foruen kaletik abiatuko den danborradarekin. Meteoro taldearen dantzaldia eta zezensuzkoa ere izango dira bezperako ekitaldien artean. San Prudentzio egunean, berriz, buruhandi eta erraldoien kalejirak esnatuko ditu oiondarrak, eta ohiko barraskilo-jan herrikoiak, herri kirolak eta musikak beteko dute egun handiko egitaraua.   

Itxaronaldi luzearen ostean, lurraldeko txoko batean eta bestean lozorrotik atera dituzte tronpeta eta atabalak, plazak berreskuratzeko urtean. Ramiro Gonzalez ahaldun nagusiak jaietan parte hartzeko deia egin die arabarrei: "Suspertu gara eta geure burua berraurkitu dugu. Eta hala egiten jarraituko dugu, dagokigun moduan jokatuz behar den guztietan: garai nahasietan eta garai lasaiagoetan".

Buruhandi eta erraldoien kalejirak esnatuko ditu oiondarrak 28an. / Oiongo Udala

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago