Esti Urresola zinemagile arabarraren bosgarren film laburra, Cuerdas, Cannesko Jaialdiko Kritikaren Astean estreinatuko dute. Lana hainbat sari irabazteko lehian izango da, nazioarteko epaimahai baten eskutik; Tunisiako Kaouther Ben Hania (lehendakaria), Greziako Ariane Labed, Islandiako Benedikt Erlingsson, Belgikako Benoît Debie eta Koreako Moon yung Huh izango dira.
Bere aurreko film laburraren –Polvo somos– eta bere lehen film luzearen –20.000 especies de abejas– artean, zuzendariak emakume abesbatza bat aurkezten du obra honetan, iraun ahal izateko eskualdeko enpresa kutsatzaile baten laguntza onartzeko erabakiari aurre egin behar dion taldea.
Muskiz eta Laudion
Pelikula 2021eko azaroaren 9tik 14ra bitartean filmatu zuten Muskizen (Bizkaia) eta Laudion. Begoña Suarez Ereño (Rita), Miguel Garces (Ramon), Xanti Agirrezabala (Marcos), Jone Laspiur (Jone), Oier Zuñiga (zuzendaritzako kidea) eta Ainhoa Jauregi Ruizei (zuzendaritzako kidea) dira aktoreak. Eta Juego de Damas antzerki taldearen eta San Fuentesko Emakumeen Abesbatzaren laguntza berezia izan du.
Urresolak berak idatzi eta zuzendu du 29 minutuko film hau, gaztelaniaz. Itxaso Frau, Ana Angulo, Lara Izagirre eta Estibaliz Urresola dira filmaren ekoizleak. Sirimiri Films, Gariza Films eta Katz Estudioaren ekoizpena da laburra. Marvin & Wayne arduratzen da banaketaz, eta Kultura Ministerioaren (ICAA), Eusko Jaurlaritzaren (film laburren ekoizpena) eta Arabako Foru Aldundiaren (film laburren ekoizpena) laguntza du.
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!