Nekaraba: lurraldeko lehen sektorearen izapideak, klik batera

Erredakzioa 2022ko api. 19a, 12:29

Aldundiak Arabako nekazaritza eta abeltzaintzaren sektoreari zuzendutako Nekaraba atari digitala jarri du martxan, ustiategiei buruzko informazioa eskaini, izapideak egin eta foru erakundearekiko komunikazio-bideak hobetzeko.

Lehen sektorearen digitalizazio prozesuarekin aurrera egitea Aldundiko Nekazaritza Sailaren erronka nagusietako bat da. Norabide horretan beste urrats bat izango da Nekaraba ataria, Arabako abeltzainek, nekazariek eta mahastizainek beren izapide digitalak egiteko eta foru erakundearekin harremanak izateko eskura duten web aplikazioa; gainera, gailu mugikorretatik erabili ahal izateko diseinatuta dago.

Eduardo Aginako foru diputatuak azaldu duenez, sektoreak beti izan du harreman administratibo "oso estua" Aldundiarekin; besteak beste, laguntzen kudeaketarako edo erregistroen zein datuen kontsultarako. Harreman hori aurrez aurrekoa eta pertsonalizatua izan da orain arte, lurraldeko zazpi nekazaritza bulegoen bitartez.

Tresna honekin teknologia berriak landa eremura zabaldu nahi ditu Aldundiak, zuntz optikoaren hedapenarekin batera, administrazio izapideak bizkortzeko eta sinpleago egiteko, joan-etorriak aurrezteko eta nekazarien zein funtzionarioen denbora optimizatzeko.

Araba.eus webgunearen barruan nekazaritzari buruz gaur egun arte zegoen gunean, sailari buruzko informazioa eta laguntza-deialdiak azaltzen ziren, baita abeltzaintza errolda edota mahastizaintza zerbitzuarekin lotutako kudeaketak egiteko informazioa ere.

Hala ere, gune horretan ez zegoen zenbait jarduerari buruzko informazioa kontsultatzeko edo izapideak egiteko aukerarik. Horregatik, izapide telematikoak zentralizatzeko gune bakarra sortu dute orain, hainbat elementurekin:

  • Titularren eta ustiategien informazioa
  • Izapideak, egoitza elektronikoaren bitartez
  • Aldundiaren informazioa eta datuak
  • Diru laguntzak
  • Gizarte Segurantzako eta Ogasuneko informazioa
  • Nekazaritza Jardueren Erregistroa (RAA)
  • Ordainketen kontsulta
  • Laboreen eta lursailen erregistroa
  • NPBren urteko aitorpena
  • Abeltzaintza eta mahastizaintza aplikazio berriak integratuta
  • Berrien atala: kanpainen hasiera, animalien osasunari buruzko abisuak, zentroen irekiera edo itxiera...
  • Mezu pribatuen atala
  • Ziurtagiriak

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago